Azkoitiko Greba Batzordeak deituta, grebarekin bat egiteko manifestazioa egin dute herriko kaleetan zehar. Ehunka azkoitiarrek parte hartu dute Lan-pentsio-bizitza duinak. U30 Greba Orokorra lemapean egin duten protestaldian. Herriko plazatik hasi eta Ibaiondo kalean zehar, Julio Urkixo Etorbideraino iritsi da manifestazioa eta Plazaberritik berriz ere plazara iritsi dira.
Greba Batzordeak azaldu duenez, grebak eragina izan du goizetik Azkoitian. "Zerbitzu publikoetatik hasita, merkatariek, tabernariek eta lantegietako langile asanbladek bat egin dute grebarekin", azaldu dute Greba Batzordetik. Herriko plazan egin dituzte hitzak batzordeko kideek manifestazioaren ondoren. "Gaurko termometroa ondo etorri zaigu guztioi, ikusteko aldarrikapenen inguruan gizarteak duen indarra", gehitu dute batzordetik.
"Grebak izan duen erantzuna ikusita, erakundeei eta patronalari eskatzen diegu datorren asteetan gaur aldarrikatu ditugun erreibindikazioei irtenbide bat emateko", azaldu dute. Halaber, iragarri dute erakundeak eta patronala "adostasunera iristeko prest ez badaude edo urratsak ez badituzte ematen", udaberrian "mobilizazio gehiago" egingo dituztela. Manifestazioaren amaieran, eta aldarrikapenei eutsiz, greba egin duten herritarrak zoriondu ditu Azkoitiko Greba Batzordeak. Txalo artean amaitutzat eman dute manifestazioa.