Errege magoak kalera irtengo dira arratsaldean

Maxixatzen.eus 2019ko urt. 5a, 09:00

Baltasar errege magoa, 2017. urteko desfilean.

Errege magoen desfilea Santa Klaratik abiatuko da, 19:30ean. Herriko kale nagusiak zeharkatuta, eliz atarian amaituko dute aurten ibilbidea. 

Iaz Errege magoen kabalkada bertan behera gelditu zen eguraldi txarragatik, eta parrokian egin zitzaien harrera. Eguraldi aurreikuspenak zeharo okertzen ez badira, Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoek gaur zaldiz zeharkatuko dute herria. Guztira 200 boluntario inguruk parte hartuko dute era batera edo bestera Errege magoen kabalkadan. Udal Musika Bandak Errege magoen desfilean jo ohi duen doinuek lagunduta, eta erromatarrek bidea irekiz, Santa Klaratik irtengo dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege magoak.

Plaza Berri zeharkatuko dute ondoren, eta plazaraino joango dira erregeak hainbat laguntzailek lagunduta. Bertan, Herodesen jauregia bisitatuko dute eta hark udaletxera igotzeko eta herritarrak balkoitik agurtzeko baimena emango die. Ondoren, berriz ere zaldi gainera igo, eta Kale Nagusian gora joango dira. Eliz atarira iristeko, berriz, Ibai Ondo kaleko bidea hartuko dute, eta ibilbidea eliz atarian amaituko dute artzainek lagunduta, 21:00ak inguruan.

Erregeen laguntzaileak, eliz atarian

Meltxor, Gaspar eta Baltasar errege magoen laguntzaileak eta pajeak eliz atarian egongo dira 16:30etik aurrera herriko neska-mutilen azken eskariak entzuteko eta eskutitzak jasotzeko. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide