Alberto Juaristi: "Egun hauetan aitona kuttunena ni izaten naiz nire bilobentzat"

Maxixatzen.eus 2017ko urt. 5a, 19:34

Alberto Juaristi Etxaniz.

Alberto Juaristi Etxanizek (Azkoitia, 1949) 50 urte egin ditu Azkoitiko Errege kabalkadan Herodes pertsonaia antzezten. Hona hemen Maxixatzenek egindako elkarrizketa:

Nolatan hasi zinen Herodes pertsonaia antzezten?

Ni eta nire lagun batzuk duela 50 urte Herodesi laguntzera joan ginen. Orduan, “Pio Aiña” zen Herodes. Erregeak Santa Klaratik plazara iristear zirela esan ziguten, baina artean “Pio Aiña” etorri gabe zegoen plazara. Denok urduri jarri ginen, eta han zeudenek hau esan zuten: “Jantzi ditzala norbaitek Herodesen arropak”. Eta denek niri begiratu zidaten. Izan ere, pilotan ibiltzen nintzen eta jende aurrean ohituta nengoela uste zuten.

Inoiz egin gabeko lanetan, nola asmatu zenuen ustekabean?

"Pio Aiña" azkenean iritsi zen, orduan Herodesen etxea zen plazako kioskora. Poste baten atzean jarri zen, eta disimuluan zer egin behar nuen esaten zidan. Bukatu zenean, “oso ondo egin duk primo, hurrengoan ere heuk egin”, esan zidan. Eta ordutik urtero egin dut Herodesen papera.

Urtero fin-fin?

Bai. Behin esku pilotan final batera ere iritsi nintzen. Errege egunean zen izatekoa finala, eta nik Herodesena egin behar nuelako, ezezkoa eman nuen. Ordezko bat jarri zuten pilotako finala jokatzeko.

Gustura egiten al duzu?

Bai, oso gustura. Niri ez zait batere kostatzen Herodesena egitea. Gainera, etxean egun hauetan aitona kuttunena ni izaten naiz nire bilobentzat [barrez]. Badakite Erregeek agurtu egiten nautela, eta badaezpada ondo zaintzen naute.

Uzteko asmorik ba al duzu?

Beti esaten diet antolatzaileei gazteren batek esaten badu gustura egingo lukeela Herodesena, nik poza hartuko nukeela. Duela urte batzuk egon zen abade bat kabalkada kentzea nahi zuena, baina ez zuen lortu. Azkoitian errotuta dago kabalkada.

Nola ikusten da plaza Herodesen etxetik?

Zoramena izaten da. Ume batzuk “Ekarrikooo” deiadarka eta beste batzuk negarrez. Plaza gainezka egoten da beti, ederra izaten da.

Inguruko kabalkada politena Azkoitikoa al da zure ustez?

Bai. Azkoitikoa zaldiekin-eta izaten da, eta beste xarma bat du. Oso polita izaten da. Antolatzaileek sekulako lana hartzen dute; ikusten ez dena. Gu jendaurrean azaltzen gara, baina atzetik jende mordo batek egiten du lan: antortxak, arropak eta atrezzoa prestatzen, besteak beste.

Zein izaten da Herodesen eginkizuna?

Erregeak etorri arte zain egoten da, eta etortzen direnean Jesus txikia non dagoen esaten die, besoarekin eliz ataria seinalatuz. Baina, inork ez digunez entzuten, guk gure kontuak esaten ditugu: goian nolako hamarretakoa duten… Erregeak udaletxera igotzen direnean, Dotoreak joaten dira Herodes agurtzera. Pergaminoa atera eta Jesus txikia non dagoen erakusten diet nik. Baina askotan txisteak kontatzen dizkidate.

Lehendik zerbait aldatu al da kabalkadan?

Gauza gutxi. Nik guztira hiru koroa jantzi ditut, baina gainontzean arropak betikoak dira. Orokorrean, ez da aldaketa nabarmenik egon. Lehen karamelo gutxi botatzen zuten, ez zegoelako gehiago, eta Erregeak elkarren artean haserretzen ziren. Orain, aldiz, nahi beste izaten da. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide