Baltasar errege magoa: «Umeak 'Ekarrikoo' esaten entzutea sekulakoa izaten da; magikoa»

Maxixatzen.eus 2018ko urt. 5a, 11:18

Baltasar errege magoa.

Baltasar errege magoak, oso laguna du Bernardo Juaristi 'Plasta', (Malaga, 1962). Azkoitira iristeko bidaia luzea izan dela esan du, baina urtero bezala, ailegatu dira urtarrilaren 5erako. Azkoitira beti oso gustura etortzen direla dio, eta beretzat urteko egunik onena izaten dela ere esan du.

 

Bidaia luzea izan al da Azkoitira iristeko?

Oso luzea.

Gustura etortzen al zarete?

Bai, Azkoitira beti. Urteko egunik onena izaten da guretzat.

Zein izaten da unerik bereziena zuentzat?

Parroki ingurura iristen garen lehen aldia oso berezia izaten da: jende pila bat egoten da eta zaldiak ere urduri jartzen dira. Tentsio handiko unea izaten da.

Udaletxeko unea ere izugarria izaten da. Ume denak 'Ekarrikoo' esaten batera entzutea sekulakoa izaten da; magikoa. Ez dakit udaletxean egiten duen oihartzunagatik-edo izango den, baina hor entzuten da gehiena. Hiru aldiz irteten dugu, baina aurrenekoa izaten da kolorerik gabe ederrena.

Horiez gain, eliz atarian umeari adorazioa egiteko unea ere ederra da. Umea, aingerua, ikustea ikusgarria izaten da. Dardarka egoten da gaixoa. ‘Txintxo portatu zara eta tori karameluak’, esaten diot. Askori erori egiten zaizkie karameluak urduritasunarekin. Orain 20 urte dituztenak-eta etortzen zaizkit gurekin ateratako argazkia harro erakusteko.

Zenbat urtean parte hartu duzu desfilean?

Aurten 29 urte beteko ditut. Guztira, 44 urte egin ditut kabalgatan parte hartzen, lehen paje irteten nuelako. Asko gustatzen zait, eta ez dut uzteko intentziorik. Ahal dudan bitartean Errege Magoa izaten jarraitu nahi dut.

Erregeak beti hiru elkarteetako bazkideak izaten dira. Xoxotek Baltasar eramaten du, Iturrik Gaspar eta Beti Pozek Meltxor. Zazpi laguneko kuadrilla gara, eta kabalgata ondoren denok afaltzera joaten gara elkartera.

Zerbaitek kezkatzen al zaituzte?

Eguraldiak. 44 urtean ez da inoiz atzeratu edo bertan behera gelditu kabalgata. Ordea, ni lau-bost egun lehenago denboraleari begira hasten naiz. Hala ere, euriarekin, hotzarekin nahiz elurrarekin irten izan dugu.

Jantziek ematen dute pena. Caritaseko emakumeek sekulako lana egiten dute doan: arropak garbitzen, josten, lixatzen…. Benetan eskertzekoa da hartzen duten lana urtez urte.

Zaldiak utzi eta karroan joatea pentsatu al duzue inoiz?

Ez, dena galduko luke. Jende asko etortzen da kanpotik hona hemengo desfilea ikusteko.

Zoriontasunaz gain, zer banatu nahi duzue aurtengo urterako?

Bakea.

Gutun asko jaso al dituzue?

Bai, asko. Batzuk etxean gordeta ditut oraindik. Oso eskutitz bereziak zirelako.

Erraza izaten al da etxeetara sartu eta isiltasunean opariak dagozkion lekuan jartzea?

Zeharo zaila. Ate blindatuak izaten dituzte gainera askok.

Jatekorik egoten al da etxeetan?

Zenbait etxetan oraindik badago ohitura letxuga eta gailetak zaldiarentzako uzteko eta txikito bat erregearentzako.

Etxeetara sartzerakoan oinetako garbiak ikusten al dituzue?

Bai, oso garbiak; zapatak disdira aterata egoten dira beti.

 

2017ko Errege magoen desfilea, iruditan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide