Kontzertuen inguruko gutuna idatzi du guraso talde batek

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 15a, 10:45

Azkoitiar guraso talde batek gutuna helarazi dio Maxixatzeni, Udalak tabernariei kontzertuak antolatzerakoan ezarri dien fidantza «jokabide desegokia» dela iritzita. Azaldu dutenez, «kulturan murgildutako Azkoiti bizi bat» nahi dute, «bereziki euskal kulturaz blai dagoen herri bat». Eta gaineratu dute «guztion ardura» dela, bestalde, kalean eta edonon «jokabide egokia izatea, eta ez tabernariena edo giza talde jakin batena soilik».

 

Hau da guraso taldeak Maxixatzeni bidalitako idatzia:

 

«Azkenaldi honetan hainbat tirabira izan dira herrian kontzertuak direla eta. Horien aurrean erantzuteko, Udalak erabaki zuen tabernariek antolatutako kontzertu egunetan herrian gerta zitezkeen kalteak ordaintzeko, aldez aurretik haiek fidantza bat ordaindu beharko zutela.

Joan den irailean lotu zuten tabernariek azaroaren 18an herriko plazan Su ta Gar taldeak emango duen kontzertua, eta, jakin berri dugunez, Udalak 4.000 euroko fidantza eskatu die tabernari antolatzaileei, kontzerturako astebete eskas falta denean. Gure iritziz, ez da jokabide egokia, hainbat arrazoigatik.

Alde batetik, guraso bezala gure seme-alabek aisialdi, jolas eta parrandako orduak herrian bertan ematea aita-ama guztiontzako mesede da. Herri bizia izatea giro apaleko herria izatea baino hobe delakoan gaude, betiere giroa egokia den bitartean.

Beste alde batetik, inora mugitu beharrik gabe kultura kontsumitu ahal izatea onuragarria dela deritzogu. Gure ustetan, bultzatu beharrekoa da hori, oztopoak eta eragozpenak jarri beharrean. Horren harira, ez zaigu egokia iruditzen herrirako eskaintza bat egin duenari aldez aurretik kalte-ordainak eskatzea; areago hain denbora-epe laburrean bada.

Azkenik, ez dugu uste egokia denik kalean gertatzen den guztiaren ardura tabernariei leporatzea. Kontzertuak antolatzeak istiluak eta kalteak dakartza ezinbestean? Gure iritziz ez.

Guk kulturan murgildutako Azkoitia bizi bat nahi genuke, bereziki euskal kulturaz blai dagoen herri bat. Guztion ardura da, bestalde, kalean eta edonon jokabide egokia izatea, eta ez tabernariena edo giza talde jakin batena soilik. Heziketaren ardatza etxean dagoela iruditzen zaigu, beste inoren eta ezeren aurretik».

Xabier Etxeberria eta Azkoitiko guraso talde bat

 

Erlazionatutako albisteak:

 

Udala hainbat talderekin bildu da alkohol eta droga kontsumoaren prebentzioaz hitz egiteko
Udala: «Bakoitzak dituen eskubideen artean oreka lortu behar da»
Gazteek parrandarekiko duten ikuspuntua
Erdi Kaleko M.G.A. bizilaguna
Sinadura bilketa abiatu zuen herriko guraso talde bat
Um Blem Blem tabernarien elkartea: «Udalaren kudeaketarik ezak tabernarioi egiten digu kalte handiena»

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide