Udala: «Bakoitzak dituen eskubideen artean oreka lortu behar da»

Olaia Juaristi 2017ko uzt. 14a, 10:54

Xabier Artola, Javier Zubizarreta eta Miguel Angel Bastida.

Herrian gaueko parrandak hartu duen oihartzuna dela eta, Azkoitiko Udalak hainbat neurri hartu ditu, tartean ordenantza bat onartzea. Udaleko ordezkariek egoera lehengoratzea nahi dute, baina behin eta berriz errepikatu duten errespetuaren barruan. 

 

“Sua itzaltzen ari garenean ezin diogu suari egur gehiago bota”, adierazten dute udaletik. Kexak, kexak eta kexak. Udalak betidanik jaso ditu bizilagunen kexak, baina egiteko modua aldatu egin dela diote. Lehen udaltzainei kaleko zurrumurruen bitartez heltzen zitzaizkien kexak, inork ez zuen paper batean kexarik egin ohi. “Orain kexa denak paper batean jaso eta erregistratu egiten dira”, dio Xabier Artola Udaltzaingoaren arduradun nagusiak.

Udaletik azaldu dutenez, edozerren berri izan dute. “Bebarruetan txiza, botaka eta bestelakoak egin dira, atezain automatikoak eta erakusleihoak margotu dituzte… Etxeetako ur-hodien bitartez balkoira igo denik ere bada. Bideoak ditugu”, argitzen dute udaleko ordezkariek. Gainerako beste arazoen berri ere eman dute udaletik: zaborrontziak bota, lorontziak, lorategiak eta kaleko argiak hautsi dira. Taberna barrutik komun oso bat atera duenik ere izan omen da. 

Ikusitako egoera ez zen gustukoa ez udalean eta ez herritar askoren artean, eta hainbat neurri hartu zituzten. Herriko hainbat eragilerekin batera, bilerak egin zituzten. “Kontuan izanik bakarrik inor ez garela, arazoa zeinen artean konpondu genezakeen begiratu genuen”, azaltzen du Javier Zubizarreta alkateak. Mahai hartan, eskoletako zuzendariak, eskoletako ordezkariak, gurasoak, udaleko teknikariak, udaltzainak, Urola Kostako ertzain burua, herriko tabernariak, dendariak eta kalteak jasaten dituzten kaleetako bizilagunak elkartu ginen, udaleko ordezkariez gain. “Herria aktuazio baten beharrean zegoen”, gaineratzen du alkateak.

Bilera horien ostean, orain dela aste gutxi emaitza bat jaso zen udaleko osoko bilkuran, ordenantza bat onartuta. Ordenantza horrek arau batzuk jasotzen ditu, indarrean dauden legeak betearazteko tresna bat da. Taberna barruetan ez erretzea, adin txikikoei alkoholik ez ematea eta ikuskizun publikoetan, segurtasuna bermatzeko hainbat konpromiso hartzea arautzen du ordenantzak. 

Tartean, momentuko neurri gisa, herriko plazan kontzertuak ez egitea erabaki zuen udalak. “Kontzertuek giroa zuzentzen ez zigutela lagunduko ikusi genuen”, azaltzen dute udaletik. “Gure aldetik ez dago kontzertuak ez egiteko asmorik, ez da sekula egon. Momentuan egoerari eutsi nahi genion”, azaltzen dute. Urrian izan ziren azkeneko kontzertuak herriko plazan, Arkada Social eta The Guilty Brigade taldeen eskutik. Orduaz geroztik, egin diren kontzertuak herriko tabernetan egindakoak izan dira. Aurrera begira udala itxaropentsu dago: “Uztailaren 15ean eta abuztuaren 12an kontzertuak izango dira herriko plazan”. Udaletik adierazi dutenez, bi kontzertu horiek markatuko dute aurrerantzean jarraitu beharreko bidea. Tabernariek kontzerturen bat antolatu nahi badute, onartu berria den ordenantzak jasotzen dituen neurriak kontuan hartu beharko dituzte aurrerantzean. Segurtasun eta aseguru neurriak bete beharko dituzte ezer antolatzen hasi aurretik.

Gazteek eta helduek bat egiten duten gune bihurtu da Azkoitiko herrigune historikoa ere, bereziki azken urteetan. Helduak atseden hartzen ari diren bitartean, gazteak zapatu gauetan parrandan aritzen dira, bai hemen eta bai beste lekuetan. “Bakoitzak dituen eskubideen  artean oreka bat bilatu behar da”, aipatzen du alkateak. “Kalean ahal den onena eman, kalera irten eta gazteak egin behar duen festa egin dezala, baina errespetuz”, jarraitzen du. “Bizi eta utzi bizitzen”, dio alkateak.

Prebentzio Mahaiaren sorrera

Udalak emango duen hurrengo urratsa Prebentzio Mahaia sortzea izango da. Prozesu bat martxan jartzea du helburu mahai horrek, gertutako gaiak  herria orain arteko lekura berriz eraman ez dezan. Mahai horretan ordezkaritza bat edukiko dute herriko eragileek, gizarteko arazo horri aurre egiteko. “Gurasoen bitartez etxean hasi behar dugu gaia lantzen. Oso gai garrantzitsua da”, azpimarratzen du Miguel Angel Bastida zinegotziak.

Autobusen gaiak ere hautsak harrotu zituen herrian apirileko lehen egunetan. Zestoa eta Eibar lotzen dituen gaueko zerbitzuan, 02:05ean eta 04:05ean, Azkoitian geldialdirik ez du egiten. Iñaki Prego Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendaria, eta Aintzane Lauzirika Zerbitzuen zuzendaria Azkoitiko Udalean izan ziren joan den apirilaren 11an. Apirileko bigarren asteburuan arazoak izan ziren aipatutako autobus horretan. “Neurri gogor bat hartuta zutela esan ziguten bi zuzendariek. Autobus horrek Azkoitian geldialdirik ez duela egingo adierazi ziguten”, azaldu du alkateak. “Azpeititik Azkoitira etortzeko ez dago arazorik, Altzibarren egiten du geltokia, baina herritik Eibarrera joaterik ez dago”, gaineratzen dute. Antza, autobus gidaria jipoitzen saiatu ziren apirilaren 9ko goizaldean. Autobusa kentzeko hartu zuten neurria “gogorregia” zela ikusi zuten udalean. Halere, konponbidera iritsiko dela espero dute. 

 “Parranda egiteko era aldatu egin da, kaleko edana asko igo da herrian, eta jendea puntu konkretuetan kontzentratu da”, dio Artola udaltzain buruak. Lehen, Floreaga inguruetan eta Eliza Atarian ohikoa bihurtu zen zapatu gauetan kaleko edana egitea. “Jendeak batak besteari kontatuta, zabaldu egin da kontrol gehiago dagoela, eta orain kaleko edana herri guztian zabaldu da”, aipatzen du udaltzainak. Autobusetik Altzibarren jaitsi eta Jausoro edo Altamira auzoetara joaten dira. “Badakite herrian kontrol bat egiten dela”, dio udaltzainen arduradun nagusiak. 2016. urtean, kaleko edanarekin lotuta 80 identifikazio egin ziren. Aurten, 66 egin dituzte eta bestelako atzemateak ere izan dira. Isun horien laurden bat-edo herritarrei ezarritakoak izan dira, eta gainerako hiru laurdenak Gipuzkoa osoko herritarrei jarri zaizkie. “Oso hedatuta dago”, azpimarratzen dute.

Udaltzainak eta Ertzainak elkarlanean ari dira gaueko festa zaindu eta kontrolatzen. “Arazoren bat baldin badago udaltzainak eta ertzainak laguntzeko prest daude. Hemen, ez dago inor soberan. Era berean, tabernariak ere hasi dira dagozkien neurriak hartzen”, adierazten du udalak. “Guk kontzientziaz jokatuko dugu. Ez goaz inoren aurka, denon alde ari gara. Hori ulertu egin behar da. Betebeharra betetzen ari gara, horretarako aukeratu gintuzten”, diote, azkenik. 

Amaitzeko, udalak eguneko festa ere bultzatzeko deia egin nahi izan du. “Tabernariek euren ogia tabernatik ateratzen dute, horretan arrazoia dute, baina egunez ekintzak antolatzea ere interesgarria litzateke”, adierazten du Zubizarreta alkateak. “Ekintza asko ditugu herrian. Jende asko etortzen da kanpotik eta herritar asko ibiltzen da kalean”, gaineratzen dute. “Tabernarien sinaduren testuan adierazten zen gauza bera nahi dugu herriarentzat: Azkoitia bizia, alaia eta kulturala, baina errespetuzkoa”. Parranda gai “neutroa” dela diote udaletik, eta denak batera joan behar dutela ikusten dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide