Gaurko prentsaurrekoan izan dira Maialen Elorza eta Jose Antonio Zulaika Ttipi-Ttapa elkarteko ordezkariak, Angel Martin Udaleko kirol zinegotzia eta Mari Carmen Seijas Aspanogi elkarteko kidea.
Hilaren 23rako guztira hiru lasterketa antolatuko dituzte, adinaren arabera sailkatuta. Umeen lasterketa 17:00etan hasiko da eta helduena 18:00etan. Lasterketa nagusia lau kilometrokoa izango da, eta oinez egiteko aukera egongo da. Nagusien izen-ematea, aurrez, 10 euro izango da eta egunean bertan 15 euro. Umeena, berriz, 3 euro kostako da. Proban izena eman daiteke oraindik ere, eta izen-ematea "martxa onean" doala jakinarazi dute antolatzaileek.
Bestalde, prentsaurrekoan gogorarazi dute Ttipi-Ttapak duela bi urte antolatutako lasterketari esker 9.500 euro lortu zituela, eta bildutako diru hori Katxalin bularreko minbiziaren aurkako elkartearentzat izan zen.
Ttipi-Ttapan parte hartzeko bilera
Ikasturte berrian Ttipi-Ttapan hasi nahi herritarrei gonbidapena egiteko ere aprobetxatu dute gaurko prentsaurrekoa. Bilera irekia egingo dute irailaren 13an, eta taldean atletismoa eta mantentze gimnasia landu nahi dutenei zuzendua izango da.