Azkoitiko II. Lasterketa Solidarioan izena emateko aukera, bihartik aurrera

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 1a, 09:44

Argazkian, Azkoitiko I. Lasterketa Solidarioa.
Duela bi urte egin zuten moduan, aurtengoan ere lasterketa solidarioa antolatzen ari dira. Azkoitiko II. Lasterketa Solidarioa irailaren 23an da, eta lortutako dirua Aspanogi haur minbizidunen guraso elkartearentzat izango da. Antolatzaileak prestaketa lanetan buru-belarri dabiltza, eta zapatu honetan, irailak 2, izen-ematearekin hasiko dira.

 

Ttipi Ttapa elkarteko kideak bihar, zapatua, eliz atari aurrean egongo dira (eguraldi txarra eginez gero, Torre Zuri aurrean), 11:00etatik 13:30era, lasterketan parte hartu nahi dutenen zain. Egun horretaz gain, irailaren 12an, 14an, 19an eta 21ean, 17:00etatik 19:00etara, Torre Zuri aurrean egongo dira (eguraldi txarra eginez gero, Torre Zuri aurrean), eta irailaren 9an eta 16an, berriz, eliz atarian.

Antolatzaileek umeen eta helduen lasterketak antolatu dituzte. Umeena arratsaldeko 17:00etan izango da eta helduena, ordubete beranduago, alegia, 18:00etan. Helduen ibilbidea 4 kilometrokoa izango da, eta korrika edo oinez egin ahal izango da.

Honako hau da antolatzaileen lema: "TTIPI-TTAPA TTIPI-TTAPA, PIRATEI LAGUNDU BEHAR DIEGU ETA!"

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide