Andramaixek 2017

Hasi dira andramaixetako egitaraua banatzen

Maxixatzen.eus 2017ko abu. 7a, 13:35

Azkoitiak badu jada Andramaixetako jaien egitaraua. Gaur eta bihar banatuko da programaren liburuxka etxe guztietan, gero eta gutxiago falta baita festa lehertzeko.

 

Aurtengo nobedadeetako bat da Udalak festetako zapiak aterako dituela. Azken urteetan ez dira zabaldu eta aurten zapi urdina ikusiko da kaleetan “Ondo pasau Andramaixek!” leloarekin. 4.000 zapi atera ditu Udalak jaiak girotzeko. Eskuratu nahi duenak datorren larunbatean, hilaren 12an izango du aukera. Kontzejupean zinegotziak zapiak banatzen egongo dira 12:30etik 13:30era. Bakoitzak gehienez lau eskatu ahalko ditu.

Jakina denez, festei hasiera Atano X edo 'Atanillo'-k emango die, pilota mundua bidelagun duela. Txupinazoa bota aurretik, Udalak 'Atanillo' omenduko du, Azkoitiko pilotari eta pilotazaleekin batera pilotaren tradizioari eusten egindako eta egiten duten ahaleginagatik. Ekitaldia irekia izango da eta herritar guztiak gonbidatuta daude.

Kontzertuak, erromeriak, kaleko ikuskizunak, herri-kirolak eta pilota partidak izango dira ikusgai, usadio diren hitzorduekin batera, alegia, Salbea edo aurreskua. Aurten Janire Igoa zinegotzi sozialista izango da Azkoitiko bandera eramango duena udalbatzak Parrokiaraino egiten duen ibilbidean. Ohitura da zinegotzi gazteena izatea bandera eramango duena eta Janire Igoari tokatuko zaio.

Eszenatokietatik pasako dira 'Garilak 26',  'The Uski’s', 'Passepartout' eta 'Hesian', besteak beste. Baita 'Hartz' eta 'Willis Drummond' ere, Um Blem Ble Tabernarien Elkartearen eskutik. Kaleak girotzen ibiliko dira 'Pixie&Dixie Band' eta 'Rockbox', Elizagoien ahizpak erromeriaz arduratzen diren bitartean. Urtero bezala, Udal Musika Banda, Txalkor txistulari taldea, Azkoitiko trikitilariak edo Eltziegoko dultzaineroak ere izango dira festa momentu askotan.

Pilota partiduei dagokienez, abuztuaren 15ean, Arretxe-Urretabizkaia eta Ugalde-Erostarbe bikoteek jokatuko dute lehenengo partida eta bigarrengoan Bengoetxea VI-Albisu eta Ezkurdia-Rezusta arituko dira.

Sentsibilizazio stand-ak

Prebentzio lanarekin jarraituz, Udalak aurreikusita du stand bat jartzea non alkohol tasaren proba prebentiboa egin ahalko den, informazioa jasotzearekin batera. Stand hau abuztuaren 16an, eliz atarian egongo da 23:00etatik 02:00ak arte.

Bigarren stand informatibo bat ere izango da Andramaixetan. Bigarren hau genero indarkeriaren aurkakoa izango da. Plazan jarriko da abuztuaren 14an, 16an eta 18an. Helburua da biolentzia matxistarik gabeko gizarte aske baten aldeko konpromisoa indartzea.

Egitaraua poltsikoan

Aurreko urteetan bezala, programa kontsultagarri egongo da APP bat deskargatuz. Gainera, iritzia ematen parte hartzen dutenen artean tableta bat zozketatuko da.

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide