"Azkoitiko udal gobernua arduragabekeriaz jokatzen ari da; hau ez da erabaki tekniko bat, hau erabaki politiko bat da", esan du Azkoitiko EH Bilduk. Zaborraren kudeaketa udalak erabakitzen duenez, "gaizki egiten ari badira" horri erremedioa jartzeko ardura udalarena dela uste dute EH Bilduko ordezkariek.
Bi urte pasatu dira EAJ udal gobernuan sartu zela, eta ordutik bereizte tasak jaitsi egin dira. "Pila bat jaitsi zen hasieran, %40ra iristeraino hilabete batzuetan", azaldu dute. Joan den martxoko datuak dira kaleratu diren azkenak, eta horien arabera gaur egun %60-%62 inguruan dabil Azkoitiko bereizte tasa.
Bestalde, azken egunotan EAJk egin dituen adierazpenetan azkoitiarrei "gezurretan" jardun dutela uste du EH Bilduk, esanez, jada "konponduta" dagoela inpropioen arazoa. EH Bilduk adierazi du Aizpurutxo auzoko bideoan argi ikusten dela oraindik ere badirela puntu batzuk, [mankomunitatearen arabera 7 edo 8] oraindik ere arazoak ematen dituztenak eta hori dela-eta, dena errefuxara bideratzen duten guneak. Azkenik, azaldu du "zabor bilketa okerraren" ondorioz, azkoitiarrak "gehiago ordaintzen" ari direla zabor bilketaren gastuak. Izan ere, zenbat eta inpropio gehiago izan, sarrera gutxiago eta kostu gehiago daudelako.