Honako ohar hau kaleratu du Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateak: «Aizpurutxoko puntu batean hondakin mota guztiak batera biltzen ditu Urola Erdiko Mankomunitateko ibilgailuak. Ohar honen bidez adierazi nahi dugu zergatik egiten den hori puntu horretan. Izan ere, 2015etik arazo larriak izan dira Azkoitiko hondakinetan inpropio kopuru handia zegoelako ontzi arinetan eta organikoan.
Arazo hori konpontzeko hartutako erabakien artean dago landa eremuko ekarpen guneetako (Aizpurutxokoa adibidez) hondakin mota guztiak errefusarekin biltzea; hainbat azterketen ondorioz dakigulako inpropio gehiago egon ohi dela puntu horietan. Era berean, lanean gabiltza landa eremuko puntu horietako hondakinen kalitatea bere onera itzultzeko (inpropio kopurua gutxitzeko), eta hemendik gutxira lortuko da puntu horietako hondakinak berriz berezituta biltzea».
Bestalde, Azkoitia Zero Zaborrek honako hau adierazi du: «Birziklapena axola zaionaren itxura eman nahian ari da Azkoitiko Udala (kanpaina berria ere jarri du martxan). Bitartean, azkoitiarrok edukiontzi desberdinetan botatzen ditugun hondakin denak kamioi berean nahasten dituela ikusi dugu. Lotsagabe hauek edozertarako prest daude errauskailuari jaten ematearren!».
Aizpurutxoko bizilagun batek grabatu du bideoa, eta, azalpenak eskatuta, Manu Arellano Serbitzuko ordezkariak hauxe jakinarazi du: «Urtebetean ez digute utzi zaborrak Lapatxeko organikoaren plantan deskargatzen, ezta Legazpiko edukiontzienean ere [...]. Horregatik erabaki zen toki horietan dena zaborrean jasotzea [...]. Organikoa eta edukiontziak plantetara eramaten baditugu, ordaindu egiten digute; zabortegira eramanez gero, geuk ordaintzen dugu».