Nolakoa izan zen Nila zentroa sortzeko prozesua?
Hamar urte daramatzat farmazian lanean, baina duela urte batzuk Dietetika eta Nutrizio gradua ikastea erabaki nuen. Azken finean, farmaziak eta nutrizioak lotura estua dute, biek baitute osasuna oinarri. Nutrizioa asko gustatzen zait, eta, gainera, horrek pazienteei denbora gehiago eskaintzeko aukera ematen dit. Azken urteotan bi jarduerak uztartu ditut, eta iaz nire proiektua martxan jartzeko pausoa ematea erabaki nuen. Horrela, apirilean ireki zituen ateak Nila zentroak. Ireki arteko prozesuan lokal egokia bilatu eta izapide guztiak egin behar izan nituen, eta pixkanaka, forma hartu zuen proiektuak. Lokala egokitzea izan zen lanik luzeena; izan ere, ireki ahal izateko legeak ezartzen dituen baldintzak bete behar izaten dira, eta aldi berean, lokalak izan behar zituen nik nahi nituen ezaugarriak. Gainerako guztia ez da bereziki zaila izan.
Noiz eta zergatik jo zenuen Iraurgi Berritzen agentziara?
Lokalak begiratzen hasi nintzen, baina ez nekien ondo nondik hasi. Ondorioz, inguruan nituen pare bat pertsona ekintzailerengana jo nuen galdetzera. Denek gauza bera gomendatu zidaten: Iraurgi Berritzenekin harremanetan jartzea. Hala egin nuen, eta egia esan, oso erabaki ona izan zen. Izan ere, prozesu osoan lagundu didate; zalantzak argitzen, orientazioa ematen eta ekintzailetzak benetan zer suposatzen duen ikusarazten. Zorte handia da alboan laguntzeko prest dauden profesionalak izatea, egindako bidea askoz ere zailagoa izan bailitzateke haiek gabe; batez ere, lehen aldiz halako proiektu bati aurre egin behar diozunean.
Zer ikasi duzu prozesu horretatik?
Niretzat mundu berri bat da, baina asko ikasi dut ekintzailetzari buruz. Horrez gain, prozesuak neure burua hobeto ezagutzen ere lagundu didala esango nuke. Erabakia hartu eta horrekin aurrera egitea erronka handia izan da niretzat. Finean, pazienteen aurrean egotea eta horietako bakoitza ahalik eta ondoen artatzea da nire helburua, eta zentzu horretan, esperientziari eta prestakuntzari esker, gero eta konfiantza handiagoa dut neure buruarengan.
Zer beldurri edo oztopori egin behar izan diozu aurre?
Oztopo praktiko handiena lokala egokitzea izan da, baina zailena nire barruko beldurrak uxatzea. Askotan galdetzen nion neure buruari proiektua gauzatzeko gai izango al nintzen, maila emango ote nuen, eta jendea gustura sentituko ote zen. Horrelako zalantzak izan ditut eta oraindik ere baditut, baina pixkanaka, jendearen erantzuna oso ona dela ikusten ari naiz, eta horrek lasaitasuna eta konfiantza eman dizkit.
Zer eskaintzen duzu zentroan? Zeintzuk izango dira eskainiko dituzun zerbitzuak?
Gaur egun, nutrizio kontsultak eskaintzen ditut, baina nire helburua ez da dieta bat ematera mugatzea. Pertsona bakoitzaren egoera modu integralean aztertzea gustatzen zait, sintomen jatorria bilatzen saiatuz eta arazoaren erroari helduz. Etorkizunera begira, kontsultako espazio libre bat aprobetxatu nahiko nuke hitzaldiak, tailerrak edo ikastaroak antolatzeko. Gainera, osasun arloko beste profesional batzuekin elkarlanean aritzea ere gustatuko litzaidake, pazienteak modu globalean artatzen direnean emaitza hobeak lortzen direlako.
"Elikadura ohitura egokiek osasunean duten eragina izugarria dela ikasi dut, tratamenduaren parte gisa edota gaixotasunak prebenitzeko orduan"
Farmazialaria eta nutrizionista zara, eta orain Psikoneuroimmunoendokrinologia (PNIE) ikasten ari zara. Hori al da zure bereizgarria, osasuna orokorrean aztertu dezakezula?
Bai, hori da nire lan egiteko modua. Farmazian ikusi dut paziente askok sintoma jakin batengatik kontsultatzen dutela, baina sintoma horren atzean askotan hainbat faktore egoten dira. Horregatik erabaki nuen nutrizioa ikastea, eta gaur egun, psikoneuroimmunoendokrinologian (PNIE) prestatzen jarraitzen dut. Etengabe ikastea oso garrantzitsua iruditzen zait, eta prestakuntza horrek aukera ematen dit sintomak, analitikak, diagnostikoak eta pazientearen egoera orokorra hobeto ulertzeko. Azken finean, ez dut arazo isolatu bat tratatu nahi; pertsona bere osotasunean ulertu nahi dut. Elikadura ohitura egokiek osasunean duten eragina izugarria dela ikasi dut, tratamenduaren parte gisa edota gaixotasunak prebenitzeko orduan.
Oraintsu ireki duzu zentroa. Zer moduz doa jarduera?
Momentuz, oso gustura nago. Hasieran beti edukitzen da beldur pixka bat, ez dakizulako jendeak nola erantzungo duen, baina egia esan, oso harrera ona izan dut. Pixkanaka pazienteak ezagutzen ari naiz, eta pozik nago bueltan jasotzen ari naizen konfiantzarekin. Hasiera besterik ez da oraindik, baina ilusio handiz ari naiz lanean, eta etorkizunean proiektua hazten joatea espero dut, bai nutrizio kontsulten bidez, bai osasunaren inguruko beste jarduera batzuk eskainiz.
Zein da norberarentzat lan egitearen abantailarik handiena? Eta desabantaila?
Niretzat, zalantzarik gabe, ordutegi malgutasuna da abantailarik handiena. Orain arte farmazian aritu naiz lanean, merkataritza ordutegiarekin, goizez eta arratsaldez, eta asteburuetan guardiak ere egin behar izan ditut. Orain, pazienteen beharretara egokitu behar dudan arren, astea antolatzeko eta lana bizimoduarekin hobeto uztartzeko askatasun askoz handiagoa daukat. Dena den, desabantaila neurri batean horrexekin dago lotuta. Izan ere, askotan lana etxera eramaten da, edo lan ordutegitik kanpo lanean jarraitzen duzu. Gainera, autonomo izateak badu ziurgabetasun puntu bat; hilero ez duzu soldata bera jasotzen eta diru sarrerak egiten duzun lanaren araberakoak dira. Alde horretatik erronka da, baina, era berean, oso pozgarria da egindako lanaren fruituak zuzenean ikustea.
Zer esango zenioke ekiteko asmoa duen norbaiti?
Buruan bueltaka darabilen zerbait bada eta egin nahi duena hori bada, saiatzeko esango nioke. Izan ere, egunean ordu asko igarotzen ditugu lanean, eta oso garrantzitsua iruditzen zait ordu horietan gustuko duzun zerbait egitea. Inoiz saiatu ez izanaren arantzarekin geratzea baino nahiago dut saiatzea eta gauzak espero bezala ez ateratzea. Gainera, bidean beti ikasten da zerbait. Era berean, aholku praktiko bat eman beharko banio, zera esango nioke: lehen-lehenik Iraurgi Berritzenekin harremanetan jartzeko.
Etorkizunera begira, nola irudikatzen duzu Nila zentroa?
Zentroa pixkanaka haztea gustatuko litzaidake. Ez du zertan espazio handiagoa izan behar, baina nahiko nuke osasun arloko hainbat profesionalen arteko sarea sortu. Izan ere, oso argi daukat pazienteak modu integralean artatzeko funtsezkoa dela profesionalen arteko elkarlana. Paziente baten kasua aztertzean zalantzak sortzen dira askotan, eta pertsona bakar batek informazio guztia biltzea eta ebidentzia zientifiko guztia kontuan hartzea ez da beti erraza izaten. Horregatik, uste dut diziplina hainbatetako profesionalekin elkarlanean aritzeak pazienteentzako arreta askoz osoagoa ekarriko lukeela, eta, aldi berean, horrek gu asko aberastuko gintuzkeela profesional gisa. Hori da etorkizunerako dudan ilusio nagusietako bat.
Informazio gehiagorako: nila.elikadura@gmail.com helbide elektronikoa eta 676 01 93 76 telefono zenbakia ditu Iriartek.
Negozio ideia bat baldin baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia. ![]()