Tenperatura altuak direla eta, herritarrak berotik babesteko neurriak hartzen hasi dira eskualdeko udalak. Azpeitian, esaterako, Basazabal jauregia eta Soreasuko Sebastian Donearen parrokia zabalik izango dira datozen orduetan, berotik ihes egin nahi dutenentzat. Basazabal 22:00etara arte izango da irekita, eta parrokia, berriz, 20:00etara arte.
Azpeitiko Udalak gogorarazi du beste zenbait udal azpiegitura ere egokiak izan daitezkeela berotik babesteko, hala nola liburutegia, kiroldegia nahiz igerilekuan atondutako egoteko gunea. Bestalde, erakundeak esan du itzalpean egoteko leku egokiak direla liburutegiaren atzeko berdegunea nahiz Loiolako lorategiak, eta Izarraizko Ateko ur txorroak baliatu daitezkeela bustitzeko.
Zestoan ere antzeko neurriak hartu ditu udalak; hiru parrokia nagusiak irekita izango dira, eta liburutegia nahiz kiroldegiko pilotalekua, kantxa eta erabilera anitzeko gela ere bai. Udalak azaldu duenez, baldintza zaurgarriak bizi dituzten pertsonentzat izango dira batez ere aterpe klimatiko horiek.
Zumaiako kasuan, udalak gomendioak eman ditu beroari aurre egiteko, eta leku freskoen zerrenda bat ere iragarri du. Horien artean dira Alondegiko liburutegiak, Moilaberri estazioa, Emakumeon Etxea, Erkibeko lorategia eta Gernika parkea.
Zarauzko Udalak aditzera eman du Aritzbatalde kiroldegiko fitness eremua itxita egongo dela gaur, astelehena, 12:00etatik 20:00etara, herritarren segurtasuna eta osasuna bermatzeko asmoz.
Haur eskolak, goizez
Eusko Jaurlaritza ere hasi da bero sapari aurre egiteko neurriak hartzen. Hain zuzen ere, Haurreskolen Patzuergoko haur eskolak goizetik 13:00etara arte egongo dira irekita gaur, bihar eta etzi; arratsaldez itxi egingo dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Metereologiako zuzendaritzak, halaber, Osasun Sailak egindako Bero Planean jasotako babes gomendioak jarraitzea aholkatu du. Izan ere, datozen orduetarako eta egunetarako muturreko tenperatura altuak aurreikusi dituzte.