Eduki babestua

Bizimodu jasangarri eta osasungarriaren aldeko apustua indartzera dator Bioterra 2026

Erredakzioa 2026ko ekainaren 1a

Euskadiko EKO azoka ekainaren 5etik 7ra egingo da Ficoban, Irunen, doako sarrerarekin eta publiko guztientzako egitarau zabalarekin.

Planeta errespetatzen duten eta bizimodu ekologikoago eta kontzienteago baten aldeko pertsonentzako topagune nagusi gisa sendotzera dator 2026ko Bioterra, Euskadiko EKO azoka.

Hogei urte baino gehiagoko ibilbidea du Bioterrak eta ekoizteko, kontsumitzeko eta bizitzeko modua eraldatzeko konpromisoa duen gero eta komunitate handiago baten bilakaera lagundu du. Azokak beste pauso bat emango du 2026an, eta bizimodu jasangarriaren eta osasungarriaren espazio gisa duen ikuspegia indartuko du, jasangarritasuna, osasuna, ongizatea eta ingurumen-kontzientzia modu bateratuan uztartuz.

Arreta jarriko du etorkizuna benetan sostengatzen duten oinarrietan

Etapa berria

Irauten duena zaintzen dugu leloarekin, edizio honek etapa berri baten hasiera izan gura du. Bioterrak arreta jarriko du etorkizuna benetan sostengatzen duten oinarrietan: elikadura ekologikoa, pertsonak, harremanak eta ezagutza; hori guztia komunitate sendoagoak eta kontzienteagoak eraikitzeko oinarri gisa.

Ikuspegi berri honek ez ditu azokaren ohiko oinarriak ordezkatzen —nekazaritza ekologikoa, bioeraikuntza, kontsumo arduratsua eta ingurumenarekiko errespetua—; aitzitik, zabaldu egiten ditu, ongizatea eta bizi-kalitatea arlo guztietan txertatuz: elikadura, etxea, energia, kosmetika eta eraikuntza.

Publiko ororentzako azoka

Bioterrak erakusketa-eremu zabala izango du 120 erakusketari baino gehiagorekin; han batuko ditu elikadura ekologikoa, kosmetika ekologikoa, moda jasangarria, bioeraikuntza eta kontsumo arduratsua, askotariko produktu eta zerbitzuekin.

Horrez gain, jarduera osagarrien egitarau zabala eskainiko du: hitzaldiak, tailerrak, showcooking-ak eta proiekzioak. Proposamen hori dago pentsatuta bisitari bakoitzak bere intereseko edukia aurkitzeko eta azoka bere erara bizitzeko, hiru gunetan banatuta.

Amalurra

Lehenengo pabiloian egingo dira ongizatea eta osasun integrala ardatz dituzten jarduerak, adineko pertsonengan arreta berezia jarrita. Nabarmentzekoa da Adinberriren parte-hartzea —Gipuzkoako Foru Aldundiaren fundazioa, biztanleriaren zahartzeari erantzuteko berrikuntzan lan egiten duena—; topaketa, elkarrizketa eta ikasketa partekaturako gunea eskainiko du horrek.

Ongizatea eta osasun integrala ardatz dituzten jarduerak izango dira lehenengo pabiloian

Azokan zehar, honako jarduera hauek egingo dira: ariketa fisikoa, nutrizio saioak, estimulazio kognitiboa, mindfulness saioak eta publikoarekin solasaldiak.

Halaber, honako gaiak landuko dira: aho-osasuna, 50 urtetik aurrerako autozaintza, elikadura naturala, toxikoen eragina eta etxebizitza osasungarri eta jasangarriari buruzko proposamenak, besteak beste.

Pabiloi honetan Hope! Estamos a tiempo dokumental-sortako hainbat atal ere proiektatuko dira. Ingurumen-erronkei aurre egiteko benetako irtenbideak erakusten dituen proposamena da, Bioterraren izaera eraldatzailea indartuz.

Sukaldean

Gastronomia-gunea Ficobako 2. pabiloian kokatuko da. Bertan, zuzeneko showcooking-ak egingo dira, lurretik platerera dagoen lotura erakutsiz: sukaldaritza agroekologikoa, sasoiko elikadura, hartzidurak eta haurren elikadura osasungarriaren hastapena, besteak beste.

Gainera, aurten ere olio ekologikoari eskainitako gunea izango da, aurreko edizioan izandako harrera onaren ondoren, eta egunero egingo dira dastatze gidatuak, gazta-dastaketekin batera.

Eskuz Faktoria

Hirugarren pabiloian egokitutako Eskuz Faktoria izeneko tailer-eremu honek proposamen ugari eskainiko ditu: kosmetika naturala, materialen birziklapena eta berrerabilera, diseinu jasangarria, bioplastikoak, landare basatiak, sormena eta ofizio tradizionalak.

Nabarmentzekoen artean daude Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleten azoka eta Bioterra Yoga Day-ren hamargarren edizioa

Jarduera bereziak

Edizio honetako proposamen nabarmenen artean bi daude: Merka2dasoa bigarren eskuko bizikleten azoka, berrerabilera eta mugikortasun jasangarria sustatzen dituena; eta Bioterra Yoga Day-ren hamargarren edizioa, eguna energiaz hasteko saio irekia.

Sarrera eta jasangarritasuna

Bioterrara sartzea doakoa izango da, eta sarrera online eskuratu ahal izango da azokaren webgunean. Aparkalekua ere doakoa izango da, baina antolatzaileek garraio publikoa edo mugikortasun jasangarria erabiltzea gomendatzen dute. Ficobak topo geltokia du oso gertu, eta oinez edo bizikletaz etortzea ere aukera erosoa da.

Gainera, Bioterra pet friendly ekitaldia da, eta, beraz, txakurrak ongietorriak izango dira.

Interesa duten guztiei Bioterraren webgunea bisitatzeko gonbidapena egin diete, 2026ko edizioko jarduera-programa osoa ezagutzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide