Eduki babestua

Expovacaciones-ek 46. edizioa egingo du maiatzaren 8tik 10era BECen

Erredakzioa 2026ko maiatzaren 4a

Gastronomia, turismo aktiboa eta familia osoarentzako esperientziak bilduko ditu azokak, Experimenta & Saborea ardatzen inguruan. Askotariko jarduerak izango dira hiru egunetan.

Expovacaciones azokaren 46. edizioa ospatuko duTE maiatzaren 8tik 10era Bilbao Exhibition Centren (BEC). Turismoaren sektorean erreferentziazko hitzordua den azokak Espainiako Estatuko zein nazioarteko turismoguneen eskaintza zabala bilduko du aurten ere, publikoari turismo proposamenak, aisialdirako aukerak eta joera berriak gertutik ezagutzeko aukera eskainiz.

Aragoi, Kantabria, Galizia, Andaluzia, Errioxa, Euskadi, Gaztela eta Leon, Madrilgo Erkidegoa, Eivissa, Menorca, Ceuta, Melilla edo Kanariar Uharteak, Costa Brava eta Gironako Pirinioak dira aurten azokan izango diren tokiak, baita nazioarteko helmugeak ere, hala nola Lisboa, Alentejo, Algarve eta Portugalgo erdialdea.

Azokaren eskaintza bi ardatz nagusiren inguruan egituratuko dute: Experimenta & Saborea. Experimenta ardatzak turismo esperientzia aktiboari lotutako jarduerak eskainiko ditu, abentura, natura eta sentsazio berriak protagonista izango diren espazio batean. Simulagailuak, tailerrak eta turismo aktiboari lotutako proposamenak izango dira han.

Saborea guneak, berriz, gastronomia izango du ardatz, eta hainbat tokitako turismo gastronomikoaren aurkezpenekin eta esperientziekin gozatzeko aukera eskainiko dute. Gainera, bisitariek zonalde hainbatetako produktu adierazgarriak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute. 

Bi ardatz horien bidez, Expovacacionesek eskaintza eta eskaria elkartzen dituen topagune izaten jarraitzen du. Hala adierazi du Amaia Esnalek, azokaren Event Manager berriak: "Expovacaciones eskaintza eta eskariaren arteko topagunea da, eta proposamen pertsonalizatuak eta aholkularitza profesionala eskainita, bidaiariei erabakiak hartzeko prozesua errazten die".

Familientzako proposamenak ere ikusi ahal izango dira azokan, txikientzako jarduerekin batera. Era berean, sektoreko profesionei zuzendutako edukia ere indartuko dute azokan, turismo adimendunaren gobernantzari buruzko jardunaldi bat egingo baitute, Basquetourrek antolatuta.

Azpimarratzekoa da, halaber, Expovacaciones 2026k Etikoa ziurtagiria izango duela, eta beraz, jasangarritasunarekin, gizarteratzearekin, erantzukizunarekin eta ingurunearekiko zein tokiko komunitateekiko errespetuarekin duen konpromisoa indartu duela. Hiru egunez, Expovacaciones bidaiarien, profesionalen eta turismoguneen arteko topagune eta inspirazio gune bilakatuko da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide