Bertsolarien taldekako lehia

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 11

Txemaizterrak eta Zaharrak Berri taldeetako kideak bertsotan, Azpeitian egindako saio batean. (Erniarraitz bertsozale elkartea)

Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren finalak jokatuko dituzte asteburuan. Urola Erdiko Zaharrak Berri eta Txemaizterrak taldeak lehiatuko dira batetik; Urola Kostako Allepunta eta Arrai Nahastua bestetik. Bi saioetako irabazleak Gipuzkoako Herriartekoaren hurrengo fasera pasako dira. 

Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren aurreneko fasea amaierara iristear dago. Asteburuan jokatuko dituzte Urola Erdiko eta Urola Kostako lehenengo fase horretako finalak, eta erabakita dago zein taldek abestuko duten horietan. 

Hain zuzen ere, Urola Erdiko adarraren finalean Txemaizterrak eta Zaharrak Berri Azpeitiko taldeetako bertsolariak arituko dira bertsotan. Jon Gurrutxaga, Oihana Labiano eta Suhar Gesalaga bertsolariek, Ane Iriondo gai jartzaileak eta Miren Ezama epaileak osatzen dute Txemaizterrak taldea; Haritz Etxeberria Ministro, Beñat Lizaso, Leire Ostolaza eta Jokin Uranga bertsolariek, Oihana Elduaien gai jartzaileak eta Oihana Aranguren epaileak, berriz, Zaharrak Berri taldea. Ostiralean jokatuko dute horiek Urola Erdiko finala, Azpeitiko Charles Chaplin tabernan, 22:00etan hasita. 

Urola Kostako Herriarteko Bertso Txapelketaren finalean, aldiz, Getariako Arrai Nahastua eta Zarauzko Allepunta taldeak arituko dira elkarren kontra bertsotan. Getariako taldea Libe Goenaga, Amets Aizpurua, Egoitz Aizpuru eta Danel Olano bertsolariek, Uxune Areizaga eta Ane Ezenarro gai jartzaileek eta Nerea Kamio epaileak osatzen dute; aldiz, Zarauzkoa, Felix Zubia, Julen Zulaika eta Hodei Iruretagoiena bertsolariek, Ibon Aristi gai jartzaileak, eta Elisa Iztueta epaileak. Orioko Etxeluze gaztetxean izango da finaleko saioa, larunbatean, 18:30ean hasita, bertsoari lotuta herrian egun osorako prestatu duten egitarauaren barruan. Larunbateko finalean, Gipuzkoako Herriartekoan Urola Kosta bietako zein taldek ordezkatuko duen erabakiko da. Finalaren aurretik, gainera, txapelketan aritu diren taldeetako kideekin bertso poteoa eta bazkaria egingo dituzte.

Txapelketa "atsegina"

Gipuzkoan eskualdez eskualde jokatu dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren lehen fasea. Urola Erdia izan zen txapelketa azkarren hasi zuen eskualdea, urtarrilaren 23an izan baitzen aurreneko saioa, Zestoan. Urola Kostako sailkapen fasea, berriz, otsailaren 6an hasi zen, Aian. 57 talderekin hasi zen Gipuzkoako lehia, eta horietatik hamabost eskualdekoak izan dira: Azkoitiko bi talde, Azpeitiko hiru, Azpeiti-Errezilgo bat, Zestoako bat, Zarauzko lau, Orioko bat, Zumaiako bat, Aizarnazabalgo bat eta Getariako beste talde bat aritu dira lehian eskualdean. 

Hirugarren aldiz egin dute taldekako Herriarteko Txapelketa Gipuzkoan. Aurreko biak 1999an eta 2017an egin zituzten, baina aurtengoa "zertxobait ezberdina" izan dela adierazi du Eneritz Artetxe bertsolari azkoitiarrak eta txapelketako Astuk Alineaute taldeko kideak, txapelketaren aurreneko fasea eskualdez eskualde egin den aurreneko aldia izan delako. "Duela urte batzuk gure eskualdean bazegoen formatu bera zuen beste txapelketa bat, Bertso Parranda izenekoa, baina Herriartekoan halakorik egin gabea ginen. Bertso Parrandaren formatua nola berreskuratu pentsatzen hasita geunden Erniarraitz bertsozale elkartean, eta pare-parean Herriarteko formatu honen proposamena iritsi zitzaigun".

Txapelketarekin "pozik" daudela dio Artetxek, "esperotakoa baino jende gehiago" bertaratu delako saioetara, taberna, jantoki, areto zein gaztetxeak "osorik betez". 

Halaber, bertsolarientzat ere lehiaren taldekako formatua "askoz atseginagoa" izan dela dio Aner Peritz bertsolari zarauztarrak eta txapelketako Andraseñorak taldeko kideak. "Elkarlanean prestatzeko aitzakia sortzen du, talde agurrak prestatzeko ere elkartu egiten gara, eta ariketak gure artean banatzen ditugu. Orokorrean, bertso txapelketak oso indibidualak izaten dira, eta presio handia egoten da. Taldekako lehia honek presio hori dena lasaitu du". 

Bestalde, txapelketa formatu horrek bertsolari askori plaza bat eskaintzen diela uste du Peritzek: "Giroa informala denez eta ariketak elkarbanatuak eta hain zorrotzak ez direnez, plazan ez dabilen baina bertso eskolan edo lagunarteko giroan kantatzen duen jendeari plaza bat ematen dio txapelketa mota honek, baita bertsolaritza utzita zuen jendeari berriz itzultzeko aukera ere". 

Bigarren fasea, laster

Asteburuan Azpeitian nahiz Orion irabazten duten bi taldeak hurrengo fasera igaroko dira. Urola Erdia eta Urola Kosta bezala, Gipuzkoako beste sei eskualdetako taldeak ere sailkatuko dira; hori horrela, orotara zortzi taldek jokatuko dute bigarren fasea. 

Eskualdeak hurbiltasunaren arabera antolatu dira; ondorioz, Urola Erdiko nahiz Urola Kostako talde irabazleak elkarren aurka lehiatzen hasiko dira, eta apirilaren 18an Azpeitiko Sanagustin kulturgunean jokatuko dute final-laurdena. 

Gipuzkoako zortzi talde horietatik lau sailkatuko dira finalaurrekoetara, eta bi saio jokatuko dituzte fase horretan, areto handiagoetan. Finala, berriz, maiatzaren 30ean jokatuko dute Aiako Probalekuan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide