Azaroaren 25a

Aiora Epelde: "Indarkeria darabilten gizonak ez dira eroak, ez daude gaixo, matxistak dira"

Maddi Txintxurreta 2025eko azaroaren 25a

Aiora Epelde, Talaia Feministako kidea. (Utzitakoa)

Indarkeria matxistari buruzko datuek erakusten dituzten joerak irakurtzen eta gordetzen dituzten erraiak ikusarazten lagundu du Aiora Epelde Talaia Feministako kideak (Donostia, 1977).

Indarkeria matxistaren inguruko 2025eko datuak nabarmen handiagoak dira iazkoekin alderatuta. Badago susmatzerik ugaritu direnak salaketak ala kasuak diren? Edo biak, agian?

Ez dut uste indarkeriak gora egin duenik edo aurreko urteetan baino okerrago gaudenik; uste dut gehiago azaleratzen ari garela. Hori esateko salaketa kasuetako profiletan oinarritzen naiz: lehen azaleratzen ziren kasuak oso bortitzak ziren, nolabait ere izebergaren puntako horiek ziren azaltzen zirenak; orain, aldiz, ari gara barneratzen indarkeria matxista zuzeneko biolentzia bortitza baino askoz gehiago dela. Indarkeria matxistak edo eraso matxistak jasaten ditugunok pixkanaka abaniko hori zabaltzen ari gara, eta bizi dugun horren errealitatea partekatzen, nola medikuarekin, hala lagunekin. Aldi berean, eta agian kontraesankorra da esatera noana, uste dut bide ofizialetik salatzen diren kasu gehienak bortitzenak direla, batzuetan salatzaileek bestelako babes mekanismo batzuk ere behar izaten dituztelako.

Salaketak –bide ofizialetatik jarritakoak nahiz bestelakoak– ugaritzea mugimendu feministak egindako sozializazioaren sintoma da?

Bai, bai. Mugimendu feminista izan da indarkeria matxista egiturazko arazo bat dela ulertzera eraman gaituena. Begirada horretatik politizatu gaitu, eta indarkeria horri aurre egitera eraman gaitu.

Salaketa ofizialei dagozkien datuak aldakorrak dira herriz herri. Oraindik ere bide judizialak ez du eskaintzen behar besteko konfiantza?

Gaur egungo begirada juridikoak patriarkala izaten jarraitzen du, eredu zigortzailea ezartzen du, eta horra azaltzen den emakumeak birbiktimazioa edo estigma sufritzeko arriskua du. Oraindik ere indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak eta bestelako pertsonak ez dira behar beste babestuak edo zainduak sentitzen horrelako prozesuetan; horregatik, izugarrizko zailtasunak dituzte bide horretan urratsak egiteko.

Bestalde, honetaz ez dugu asko hitz egiten, baina indarkeria matxista existitzen den indarkeriarik perbertsoenetakoa da, zeren, normalean, indarkeria hori erabiltzen duten pertsonak gure ingurukoak dira. Eta indarkeria hori egin izan dute maitasunaren izenean eta beraiekiko eraikita dugun lotura horretan. Batzuetan korapilo moduko batean sartzen gara, zeren zerbait lortu nahi badugu salatu behar dugu, baina salatu behar dugu zigorra eta estigma oinarri-oinarrian duen sistema baten baitan, eta gu geu izan gaitezke epaituak. Justifikatu behar duzu orain egiten ari zaren hori zergatik ez duzun lehenago egin, inork gutxik ulertuko du maite izan zaituen norbaitek horrelako zerbait egin dizunik... Beste begirada bat eskaini beharko genioke horri guztiari; eragindako minek duten garrantziaren aitortza eginez eta, begirada ez punitibo batetik, min horiek erreparatzeko bidea eginez. Errealitateari ez badiogu horrela begiratzen, ematen du ezinezkoa dela, indarkeria matxista egiturazkoa delako eta erraietaraino sartuta dugulako. Hortaz, justizia feministan oinarritutako ibilbideak pentsatu eta garatu behar dira.

Indarkeriak sostengatzen dituzten "konplizitate sareak eta anaidiak" salatuko ditu gaur mugimendu feministak. Anaidi horrek eragina izan dezake emakumeen salatzeko, hitz egiteko, beldurrean?

Bai, noski. Ematen du indarkeria matxistari aurre egiteko erantzukizuna emakumeona edo indarkeria hori pairatzen duten bestelako gorputzena dela. Justuki, indarkeria matxistak inpunitatea badu ezaugarri, inguruak hori horrela izateko baldintzak sortzen eta sostengatzen dituelako da. Gizonek badute zer pentsatua konplizitate horiek hausteko moduez, eta posizio argiak hartzeko garaia da. Erantzukizuna ez delako emakumeena, ezta gizonena bakarrik ere, hor daude instituzioak, eragileak... Baina gizonek jarrera proaktiboa izan behar dute, beraien pribilegioen berrikuspenak eta horien galerak denon askatasuna ahalbidetzen duelako. Botere harremanak guk identifika ditzakegu, baina beraiei horiek desegitea dagokie. Bestalde, elkartasunean eta ahizpatasunean jarri behar dugu indarra, gizonen konplizitateari aurre egiteko modurik eraginkorrena baita.

"Erasotzaileen %71 bikotekideak edo bikotekide ohiak izan dira". Azpeitiko datua da, baina kontu orokorra da.

Datu orokorretan, portzentaje hori %80tik gorakoa da.

"Mugimendu feministak oinarri ezin hobea ezarri du, baina indarkeria matxistari aurre egitea ez dagokio soilik berari, erantzukizuna eta ardura kolektiboak dira"

Datuek erakusten dute indarkeria matxista egiturazkoa dela, besteak beste, adin guztietan erasaten duelako eta era askotakoa izan daitekeelako (fisikoa, sexuala, bikarioa...). Zergatik da hain garrantzitsua ulertaraztea biolentzia hau egiturazkoa dela eta erabiltzen dutenak gertuko gizonak direla?

Badirudi emakumeok gure burua zaintzen badugu, leku konkretu batzuetatik ordu zehatz batzuetan ez bagara pasatzen, basoan gauean ez bagabiltza... saihets dezakegun indarkeria dela. Hori gezurra da. Indarkeria matxista darabilten gizonak ez dira eroak, ez daude gaixo, matxistak dira. Munstro izaera hori alboratu behar dugu. Azkenaldian, erasotzaileen jatorria publiko egitearen eztabaida dago mahai gainean, eta bati zera entzun nion horri buruz: erasotzaileek partekatzen duten elementua ez da jatorria, baizik eraso matxistak eragiten dituzten gizonak direla.

Indarkeria matxista gaztetzen ari dela esan daiteke?

Ez dut uste gazteak ari direnik egiten helduek egiten ez duten ezer. Baina gazteak egiten ari dira helduengan ikusten duten guztia. Zentzu horretan, sare sozialak izugarrizko eragina izaten ari dira, eta gazteek jasotzen duten hezkuntza sexuala pornografia da. Pornografian emakumeen kontra azaltzen den indarkeria izugarria da; askotan emakumeak gaztetzen, umetzen dituzte, eta umetutako emakume horri astakeriak egiten zaizkio. Gazteek ez dute hori sortu, baina erreproduzitzen ari dira.

Kezka dago sare sozialetako indarkeriaren inguruan. Hori neurtzeko, borrokatzeko... tresnak falta dira?

Sare sozialek alde onak eta arriskuak dituzte, eta arrisku horiek bizitzen ari gara. Batzuk esaten ari dira pentsatu beharko genituzkeela sare sozialetako indarkeriari erantzuteko estrategia feminista partekatuak. Etxeko lan bat egiteko dugu zentzu horretan.

Antifeminismoan edo indarkeria matxistaren ukapenean oinarritutako diskurtsoa zabaltzen ari da. Nola erantzun behar zaio horri?

Bati entzun diot feminismo gehiagorekin erantzun behar zaiola, feminismoa delako, nolabait, diskriminazioak eta zapalkuntzak salatzeko dugun alternatiba onena. Eskuin muturraren mezuak gizartean iragazteko ahalmena duela ikusten ari gara, baina guk gureari eutsi behar diogu. Gainera, bestelako errealitate bat eraiki nahi badugu, eragile sozial, politiko eta sindikalek lan handia dute egiteko. Beren jarduera politikoen baitan indarkeria matxistari aurre egiteko estrategiak garatzea dagokie, barrura zein kanpora begira. Zeren, mugimendu feministak oinarri ezin hobea ezarri du, baina indarkeria matxistari aurre egitea ez dagokio soilik berari, erantzukizuna eta ardura kolektiboak dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide