Tokikom Sariak banatu dituzte gaur, Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako Campusean. Han izan dira Tokikom osatzen duten euskarazko toki hedabideetako ordezkariak, tartean Urola Komunikazio Taldekoak.
Horiez gain, ekitaldira joan dira erakunde publikoetako ordezkariak ere, hala nola Eusko Jaurlaritzako Aitor Aldasoro, Nafarroako Gobernuko Jabier Arakama, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garbiñe Mendizabal, Bizkaiko Foru Aldundiko Isaac Amezaga eta Arabako Foru Aldundiko Joseba K. Perez.
Guztira lau sari banatu dituzte Goiatz Arana kazetariak aurkeztutako saioan. Azalik onenarena, eduki onenarena eta ikus-entzunezko onenarena. Aurten, epaimahaiak aipamen berezi bat ere egin du.
Azalik onena saria Goienaren Puntua astekariarentzat izan da, Keinu hizkuntza izenburudun azala tarteko. Epaimahaiak Puntua-ren azala saritu du "oso modu bisualean eta indartsuan erakusten duelako gorren komunitateak eskatzen duen ofizialtasuna". Epaimahaikideek gaineratu dute ideia eta irudia oso iradokitzaileak direla eta zer pentsatua ematen dutela.
Edukirik onenaren saria, berriz, Aiaraldearentzat izan da, Jesus Garcia Ferreiro: mina jasanezin bihurtzen denean erreportajeagatik. Suizidioaren gaia da erreportaje horren funtsa, eta, epaimahaiaren arabera, "lan mamitsu hori kazetariaren esperientziatik abiatzen da erreporterismoa lantzeko modu aberasgarria aplikatzeko". 90eko hamarkada amaierako kasu erreal batetik tiraka, gertakaria bizi izan zuten inguruko pertsonen, tokiko elkarteen, ikastetxeen eta adituen adierazpenak uztartzen ditu erreportajeak.
Ikus-entzunezko onenaren saria Antxeta Irratiarentzat izan da. Lodifobiaren aurkako ahotsak elkarrizketa sortagatik. "Jende askorentzat eguneroko arazoa den eta askorentzat ezustean pasatzen den bazterketa mota bat argitara ateratzeko ahalegina" saritu du epaimahaiak. Nabarmendu du, halaber, elkarrizketatzailearen lana "bikaina" izan dela, berez oso gordinak diren bizipenak "dramatismoan jausi gabe eta patxadaz" adierazi dituelako.
Aipamena, Podcast gela-rentzat
Bestalde, Tokikom Sarien aurtengo edizioan aipamen berezi bat egin du epaimahaiak: Goienaren Podcast gela proiektua nabarmendu dute kideek. Izan ere, hedabide horrek komunitatearen eskura jarri du gela hori, eta epaimahaiak nabarmendu duenez, "parte hartzea eta herri mailako sareak ehuntzeko ekimena" ditu egitasmoak. Podcast gelak komunitateari ahotsa eman diola ere adierazi du epaimahaiak, eta parte hartze zuzena bultzatu duela inguruko erakundeen, elkarteen eta eragileen artean. "Gai eta forma aldetik ere aniztasunaren aldeko apustu ausarta egin du: audio eta bideo podcastak, zinemaz, historiaz, kulturartekotasunaz, politikaz, mugimendu sozialez, musikaz, literaturaz...".
Gukaren bi lan ziren sarietarako hautagaien artean: Zumaia Guka aldizkarian argitaratutako azala, Eva Franco. Irudimena hegan izenburuduna; eta ikus-entzunezko onenen atalean, Azaroaren 25aren harira Olatz Mercader zarauztarrari egindako bideo elkarrizketa. Lan horien egileek, Maria Mayak eta Intza Trulak, hurrenez hurren, finalisten diploma bana jaso dute gaurko ekitaldian.
Sariak banatzearekin batera, adimen artifiziala kazetaritzan eragiten ari den aldaketez hausnartu dute.