Esklabotzaren gatibu

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 12a

Trabajadore hainbat Oiartzunen. (Wikipedia)

Asko izan ziren gerraostean, frankismoaren lehen urteetan, behartutako lanetan, esklabotza baldintzetan, beharrean aritu ziren herritarrak. Guillermo Aizpuru azpeitiarrak errepideak egiten jardun zuen; Antonio de la Morena Arroabeko porlan fabrikan izan zen preso.

Espainiako gerran errepublikaren alde borrokan aritu ziren milaka lagun hartu zituzten preso matxinatuek. Horietako asko kontzentrazio esparruetara eraman zituzten, eta beste hainbat espetxeetara. Eta askok behartutako lanetan jardun behar izan zuten, Batallones Disciplinarios de Soldados Trabajadores-etan. Esklabo izan ziren; gatibu hartu eta askotariko lan gogorrak egin behar izan zituzten, ezeren trukean sarritan.

Espainian 550 bat langile batailoi sortu zituzten, horietatik 60 bat Hego Euskal Herrian. Oarsoaldea izan zen halako hainbaten lekuko; izan ere, hemezortzi langile batailoi izan ziren Gipuzkoako eskualde horretan. Paraje horietan 12.500 bat lagun aritu ziren bortxazko lanetan, batez ere errepideak egiten eta gotorlekuak eraikitzen. Dena den, Urola Kostan ere izan ziren trabajadoreetan jardun zuten herritar hainbat; Arroabeko kartzelako gatibuek, esaterako, harrobian jardun zuten beharrean.

Gerra sasoian gatibu hartutako herritar ugarik behartutako lanetan jarraitu zuten frankismoaren lehen urteetan ere. Francoren erregimenak eragindako hondamendiak konpontzen nahiz armadak behar zituen azpiegiturak egiten aritu ziren, heriotz zigorren mehatxupean. Trabajadoreek eginak dira, besteak beste, Pikoketako, Aritxulegiko, Landabarreneko eta Jaizkibelgo errepideak.

Oiartzun (Gipuzkoa) aldean, Pikoketako errepidea egiten aritu zen beharginetako bat izan zen Guillermo Aizpuru Organeikue (Azpeitia, 1917-Irun, Gipuzkoa, 2014). Espainiako gerra lehertu orduko ekin zion ihesari, Francoren tropak irailaren 19an Azpeitira sartu bezperetan. 18 urte zituen Aizpuruk, eta aitarekin eta aitonarekin alde egin zuen, Lekeitio (Bizkaia) aldera. Eusko Gudarostean aurkeztu zen boluntario, eta Larreako batailoian jardun zuen. Gainera, Igorreko Estatu Nagusiko transmisio sarjentu izendatu zuten.

Ihes egin eta urtebete pasatxora, 1937ko abuztuan, atxilotu zuten Laredon (Espainia), eta handik Logroñora (Espainia) zein Burgosera (Espainia) lekualdatu zuten. 1939ko maiatzaren hondarrera arte egon zen preso Aizpuru, eta aske utzi zutenean, Azpeitira itzuli zen. Gutxira, baina, trabajadoreetarako deia jaso zuen: Donostiako Herrera auzoko Ingeniaritza Parkera bidali zuten gotorleku bat eraikitzera; gero Oiartzunera, errepideak eraikitzera. Eta handik Gasteizera, 46. Artilleria Erregimendura. 1939tik 1942ra aritu zen behartutako lanetan Aizpuru, eta Uztarria aldizkariak 2007an egindako elkarrizketan jakinarazi zuenez, berarekin batera jardun zuten bortxazko lanetan Antonio Konfites eta Justo Larrañaga herrikideek.

Trabajadoreen batailoitik irtendakoan, Donostian jarri zen bizitzen, handik Hondarribira joan zen, eta gero batera eta bestera bidaiatu zuen etxetik zetorkion ofizioan, organoak konpontzen, aritzen zelako. Egiteko horretan Erroman zela, Arteaga izeneko Kubako kardinala ezagutu zuen, eta hara joan zen 1950ean. Handik itzuli zen Euskal Herrira, zazpi bat urtera, baina berriro bueltatu zen ezkonduta, emaztearekin. Kuban jaio zen bikotearen lehen semea, Guillermo Aizpuru (Habana, 1958). Aitak, askok bezala, abertzale sutsua izanik, "bizitza oso gogorra" izan zuela azaldu du hark. Bortxazko lanetan jardun zuenean, aitak "gose galanta" pasatu zuela esaten ziela ekarri du gogora azpeitiarraren semeak. "Antxoa barrukiak eta baserritarrei lapurtutako arbia jaten zituztela esaten zuen", adierazi du. "Oiartzunen, Babilonia aldean, gogor jardun zuten lanean, baina Lesakarako [Nafarroa] bidean are egoera gogorragoak bizi izan zituzten. Pentsa, han fusilatuak ere izan ziren. Basarri bertsolaria, esaterako, han aritu zen lanean", gaineratu du.

Aitak bizi izandakoak "naturaltasunez" kontatzen zizkiela ere esan du, ez zuela ezer ezkutatzen. "Irunen hazi ginen gu, eta handik Oiartzunera bidean, Gurutze auzoan, bazen jatetxe bat. Hara joaten ginen bakoitzean Babiloniara igotzen ginen, eta azalpen ugari ematen zizkigun; izan ere, han zeuden langileen barrakoi izandakoak. Batzuek ezkutatu egin izan dute bizi izandakoa, baina gure aitak dena kontatzen zigun". Badu, gainera, 14 bat urte zituela aitarekin Madrilen bizitako pasadizo bat gogoan: "Gizon bat agurtu zuen Madrilen ginela. 'Hombre, Guillermo', esan zion hark, eta hizketan jardun zuten. Alde egin zuenean, aitak esan zigun kartzelazaina zela, 'bere batean gizon jatorra'", azaldu du, barrez.

Arroabeko kartzelan

Arroabean, 36ko gerraren ostean izan zen langileen kolonia bat. Hain zuzen ere, 1942tik 1944ra presoen destakamentu bat izan zen auzoko porlan fabrikan, eta han gatibu zituztenak esklabo lanak egitera behartu zituen Francoren erregimenak. Tranbia eraikitzeko erabili zituzten, Espainiako Estatuak militarizatutako ABC Ferrocarriles y Construccion enpresaren bidez.

Arroabeko lantegian preso izan zen Antonio de las Morenas (Campillo de Llerena, Espainia, 1909). Gerra bukatzerako hartu zuten hura preso sorterrian, eta era batera edo bestera, hura gatibu izan zuten boladan bizi izan zituen lekualdaketek zuzenean eragin zioten, berari ez ezik, haren familiari ere. Izan ere, haren emazte Isidra Merinok ere Campillo de Llerenatik alde egin behar izan zuen, alabetako bat hartuta, haurdun zela. Hain zuzen, ihes betean erditu zen Antonio de las Morenas semeaz, 1937an, Quintana de la Serenan (Espainia).

Extremadura utzita, aurrena Valentziara (Herrialde Katalanak) joan ziren; eta preso zen senarrak bidalitako gutunak gidatuta, Arroabera. "Ni jaioberria nintzen, eta aurrena Valentziara joan ginen. Han bi urtez bizi izan ginen, baina aitak gutuna bidali zion amari, Arroabean gatibu zutela esanez, eta hara jo genuen", azaldu du Antonio semeak. Arroabean errepidearen ondoan bizi izan zen familia, aitarekin batera gatibu zen gizon baten emaztearen etxean, haiek gela bat utzi baitzieten. "Arroabeko jendeak asko lagundu zigun", zehaztu du preso izan zen Antonioren semeak. Behartutako lanetan jardun zuen De las Morenasen aitak, Zestoako harrobian, eta langileak porlan fabrikatik hara kamioian sartuta eramaten zituztela gogoratu du semeak. "Harria puskatzen eta, lan gogorretan jarduten zuten. Zerbait irabazten zuten lanaren trukean, baina oso gutxi". Dena den, presoek destakamentutik irteteko aukera ere izaten zutela esan du semeak: "Pentsa, Arroabera iritsi zenetik hamahiru kilo irabazi zituela esaten zuen... Eta hori harrobian lan eginda [barrez]. Goserik ez zuen pasatu, gutxienez". Aita urtebetera-edo utzi zuten aske, baina Euskal Herritik ez ateratzeko baldintzarekin, eta familia Arroabean geratu zen bizitzen; gainera, De las Morenasen aitak porlan fabrikan bertan lortu zuen lana, baita amak ere. Semeak dioenez, aita "oso pozik" bizi izan zen Arroabean.

De las Morenasen emazte Amapola Hernandok (Itziar, Gipuzkoa, 1943) ere ondo gogoan ditu aitaginarrebaren ibilerak, eta haren pasarte bat ekarri du gogora. De las Morenas eta biak, besteak beste, Madrilera joan ziren ezkon bidaian, eta Hernandori aitaginarrebak esan zion Erorien Harana bisitatzera joateko. Hala gogoratu du Hernandok: "Ezetz, ez ginela joango esan nion, baina hark baietz, joateko esan zigun, zera adieraziz: 'Joan zaitezte faborez, hori gurea da eta, ez Francorena'. Eta joan egin ginen".

Etxe askotako kantua

Senarrak bezalatsu, Hernandok ere bizi izan zituen gerraren eta gerraostearen oinazeak. Burgoskoa zen haren aita, Fabio Hernando, eta Itziarkoa ama, Teresa Mendizabal. Aitak Itziarren preso zela ezagutu zuen gerora emazte izango zuena. Hala azaldu du Hernandok: "Amaren baserritik gertu zegoen aita preso, eta gereziondo batean lapurretan ari zela ezagutu zuten elkar. Goseak zegoen nonbait aita, eta... Aske utzi zutenean ezkondu egin ziren, eta Zarautzera joan ziren bizitzera, han aurkitu baitzuen lana".

Bazuen, baina, beste 'lan' bat ere Hernandoren aitak: "Franco garaitzea posible zela uste zuten" herritarrei muga zeharkatzen laguntzen zien, itsasoz nahiz mendiz; mugalaria zen. "Aita oso-oso mugitua zen, geldirik egoten ez zekien horietakoa, eta burugogorra ere bai. Mugan aritzen zen laguntzen, eta joan-etorri batean harrapatu egin zuten". Bederatzi hilabete baino ez zituen Hernandok, aitaren bila Zarauzko etxera joan zirenean. "Zarauzko Merkatu Plazaren ondoan zegoen kalabozoan sartu zuten, baina lagun min baten laguntzarekin, ihes egin ahal izan zuen, horman zulo handi bat eginda. Dena den, atzera atxilotu egin zuten, ez baitzion utzi mugalari jarduteari".

Bigarren atxiloaldi hartan, aita nora eraman zuten arrastorik ez zuten izan. "Amak dena kontatzen zidan, eta orduko hartan oso kezkatuta egon zen, ez baitzekien senarra non zegoen. Ama ordurako lanean hasita zegoen; izan ere, dirua behar genuen aurrera egiteko". Halako batean, baina, aitaren postal bat jaso zutela azaldu du Hernandok. Hala zioen: "Tere, Ondarretako kartzelan nago". Donostiako espetxean zuten preso, eta emazteari arropa-eta eramateko eskatu zion. "Bi urtean igandero joan ginen bisitan. Zen bezalakoa zen, odolean zuen borrokarako grina, eta zigortu ere egiten zuten". Ondarretatik Burgosera eraman zuten Hernandoren aita, eta orduan ere leku aldaketaren berri emateko postala bidali zion emazteari. "Urtean bizpahiru aldiz joaten ginen, urrunago baitzegoen. Oso gogorra zen espetxe hura presoentzat".

Urteen joanarekin, ama-alabek bizimodua egin zuten Zarautzen, baina senarra eta aita falta. "Abendua zen, ilunduta zegoen, ama azokan ari zen lanean –horretan ere jarduten zuen–, eta bizilagun baten etxean nengoen. Portaleko atea jo zuten, eta zera entzun nuen: 'Amapola hor al dago?'. Korrika jaitsi nintzen beheko solairura; aita zen, espetxetik atera eta etxera itzuli zen", gogoratu du Hernandok. Familia bizitza berrira egokitzen ari zela, baina, ama gaixotu eta hilabete gutxira hil egin zen.

De las Morenasek dioenez, Hernandoren aita "oso-oso politikoa" zen, zainetan sartuta zuen politika: "Hark pentsatzen zuena defendatzen segitu zuen kartzelatik atera eta gero ere. Nire aitak, berriz, ez; dena laga zuen aske utzi zutenean".

Bertsotan jaso zuen bizitakoa Basarrik


Inazio Eizmendi Basarri (Errezil, 1913-Zarautz, 1999) bertsolaria ere harrapatu zuen hatzaparretan 1936ko gerrak. Euskal Herriaren alde aritu zen borrokan, Loiola batailoiarekin, Bizkaiko frontean, eta gudari ez ezik, ertzain ere izan zen. 1937ko uztailean, nazionalek Bilbo hartu zutenean, Santander aldera (Espainia) egin zuen ihes Basarrik. Eta gero Frantziara, Nantes ondoko herri txiki batera; basozain jardun zuen han. 1940ko urrian, arriskatu eta Zarautzera itzultzea erabaki zuen, amarengana –haren eskariz–, baina Hendaian atzeman zuten, eta trabajadoreetara eraman.

Bertsotan jaso zuen Basarrik behartutako lanetan aritu zen sasoia; nondik nora eta nola ibili behar izan zuen irakur daiteke horietan. Hala dio: "Mirandatikan Madrida/ ta gero Madritik Bejarra/ bagoi zarretan, txerrien gisan/ etzan pasio ederra/ Erri ontako gure izakera/ daukat agertu beharra/ gose askorik ezta pasatzen/ baizik beti bat bakarra".

Oiartzunen (Gipuzkoa), Aritxulegi inguruan, ere jardun zuen bortxazko lanetan Basarrik. Zehazki, Oiartzundik Lesakarako (Nafarroa) errepidea eta tunelak egiten aritu zen. Han nolako ibilerak izan zituzten horrela jaso zuen hark bertsotan: "...lanean gogoz aritzen gera/ soldatarik jaso gabe/ berrehun nagusi badaude/ gure artaldean jabe/ guk umore ona halare". Gero Melillara (Espainia) eraman zuten, eta zazpi urte etxetik urrun pasatuta, 1943ko ekainaren 26an itzuli zen Zarautzera, San Pelaio jaietarako. 

Basarri –goian erdian– trabajadoreetako lagunekin, 1939an. (Utzitakoa)

Bihar 1936ko gerran eta frankismoko lehen urteetan erbesteak izan zuen lekuaz erreportajea kaleratuko du Gukak, Frankismoa: orbainaren mintzoa seriearen barruan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide