Palestinaren alde, sindikatuek hiru orduko lanuzteetara deitu dute urriaren 15erako

Julene Frantzesena 2025ko urr. 3a, 09:41

Lanuzteetarako deialdia egin duten sindikatuetako kideak. (LAB)

LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru egin dute deialdia. Lanuzteak hiru txandatan egingo dituzte: 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara zein 17:00etatik 20:00etara. Gainera, Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak deitu dituzte egun horretarako.

Gazako genozidioa salatzeko eta erakunde publikoei zein enpresei Israelekin dituzten harreman komertzialak etetea eskatzeko "lanuzte orokorra" deitu dute Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk –LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru–. ELAk bere kasa egin du mobilizaziorako deia, egun berbererako.

Urriaren 15erako, asteazkena, egin dute deialdia, eta lanuzteak hiru txandatan antolatu dituzte: 03:00etatik 06:00etara, 11:00etatik 14:00etara zein 17:00etatik 20:00etara. Gainera, 12:30erako manifestazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean.

Deialdia egin duten sindikatuek adierazi dutenez, Palestinari elkartasuna adieraztea da lanuzteen helburu nagusia, eta gogorarazi dute erakunde batzuek –Nazio Batuen Erakundeak eta Amnesty International, tartean– aitortu dutela Israel Gazan egiten ari dena genozidioa dela. Haiek esan dute gaur egun inork ez duela zalantzan jartzen gertatzen ari dena genozidioa dela, "Israelek edo hura sostengatzen duten gobernuek eta interes ekonomikoek salbu".

ELA ez da batu gainerako sindikatuen deialdira, zortzi sindikatu horiek Espainian UGTk eta CCOOk egun eta ordu berberetarako antolatutako lanuzteekin bat egin dutelako. ELAren aburuz, Euskal Herriko sindikatuek mezu propioa helarazi behar dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide