Datorren urtean ez da Ehunmilak probarik izango

Julene Frantzesena 2025ko urr. 2a, 08:55

Ehunmilak proiektuko antolakuntza batzordeko kideak, 2019an. (Mikel Albisu/Goierriko Hitza)

Proiektuaren antolakuntza batzordeak jarduna etengo du, eta ondorioz, datorren uztailean ez dute egingo 168 kilometroko Ehunmilak, 88 kilometroko Goierriko Bi Handiak eta 42 kilometroko Marimurumendi probarik. Erabakia "hausnartua eta zaila" izan dela adierazi dute  sustatzaileek, eta giza baliabide falta eta arrazoi ekonomikoak argudiatu dituzte.

Datorren urtean ez da Ehunmilak lasterketarik izango. Hala jakinarazi zuen atzo ohar bidez proiektuaren antolakuntza batzordeak. Ondorioz, datorren uztailean ez dute egingo 168 kilometroko Ehunmilak, 88 kilometroko Goierriko Bi Handiak eta 42 kilometroko Marimurumendi probarik.

Erabakia "hausnartua eta zaila" izan dela adierazi dute probaren sustatzaileek, eta horretarako arrazoiak aletu dituzte. Batzordea Beasaingo lagun talde batek osatzen duela azaldu dute, eta horiek lan boluntarioa egiten dutela. Talde horretako kideen egoera urteotan "nabarmen aldatu" dela esan dute, eta ondorioz, zaila zaiela "proiektuari behar bezala" eusteko behar den denbora eskaintzea.

Halaber, azken urteak "nekagarriak" izan direla ere aitortu dute, erabaki zail asko hartu behar izan dituztelako eta horrek gainzama eragin dielako. "Nekeak eta errelebo faltak eragin handia izan dute taldean", gaineratu dute. Dena den, proiektuarekin jarraitzeko interesa duen edonorrentzat taldearen ateak irekita daudela adierazi dute, eta prest daudela haiei laguntzeko eta orain arte erabilitako materiala haien esku uzteko.

Giza baliabideez haratago, baliabide ekonomikoek ere eragin dute erabakia hartzerakoan. Hala esan dute: "Diru sarrerek ez dute gastuen bilakaera bera eduki. Proiektuaren maila mantentzeko garaian gastuek etengabe egin dute gora, eta ez dugu jakin diru sarrerak maila berean egokitzen. Ondorioz, urtea galerarik gabe amaitzeko ahalegin eta lan gehigarria egitera behartuta egon gara". Horren ondorioz, lasterketetan berrikuntzarik egiterik ez dutela izan esan dute, eta horietan eskaini nahi luketen kalitatea eskaintzea ere ez zaie erraza egin.

Eskerrak eman dizkiete urteotan "ondoan" izan dituzten eta beraiengan sinetsi duten erakundeei, babesleei eta laguntzaileei, baita edizioz edizio probetan parte hartu duten lasterkariei eta "ezinbestekoak" izan diren boluntario guztiei ere.

Aurtengo edizioan, eguraldi iragarpen kaskarra tarteko, Ehunmilak eta Goierriko Bi Handiak proben hasiera orduak atzeratu egin zituzten, eta proba nagusia ez zen Azpeititik eta Azkoititik igaro; bai, baina, Zelatundik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide