Nolakoa izan zen negozioa sortzeko prozesua?
Betidanik buruan bueltaka izan dudan ideia da: txikitan askotan esaten omen nuen nire hizkuntza zentro propioa izatea nahiko nukeela. Ingeles filologia ikasten ari nintzela, laugarren mailan, aurrera begirako erabakia hartu behar izan nuen: master bat egin edo nora jo erabaki behar nuen. Gabonetako oporraldian, Erdikalean lokal huts bat ikusi nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Amak behin eta berriz esaten zidan nire asmoak ez zuela horretan gelditu behar, informazio bila hasi behar nuela. Aurrera egiteko erabakia hartu nuenean, ez nekien nondik hasi, eta bat-batean, Iraurgi Berritzen garapen agentziaren bideo bat azaldu zitzaidan, ideiak martxan jartzeko laguntza eskaintzen zutela zioena. Bi aldiz pentsatu gabe deitu nuen hara.
Nolako prozesua izan da ideia garatzekoa? Asko ikasi al duzu prozesu horretatik?
Abenduan bertan hasi nuen prozesua, eta bi astetik edo hiru astetik behin bilerak egiten nituen Iraurgi Berritzeneko kideekin; haiek azaltzen zidaten eman beharreko hurrengo pausoa zein zen eta nola egin behar nuen. Pausoz pauso joan gara gauzak egiten, eta prozesua oso ondo joan da. Egia da letra txikia deitzen zaion izapide asko egin behar izaten dela, baina poliki-poliki, dena egin dugu. Ez dakit asko ikasi dudan prozesuan zehar, baina ikasten jarraitzea espero dudala esan dezaket. Gainera, laguntza berezi bat ere izan dut: Batxilergoan izan nuen ordezkapen bat egiten aritu zen irakasle bat, Kristina Alberdi, eta hark 11 urtez akademia bat izan zuen martxan. Nire psikologoa izan da hura prozesu osoan zehar; izan ere, edozein zalantza nuela, bere esperientziatik argitzen zizkidan denak. Nire iparrorratza izan da, eta hala izaten jarraitzen du oraindik ere.
Zer beldurri edo oztopori egin behar izan diozu aurre?
Zuk nahi bat duzunean, gogoz heltzen diozu, baina ez duzu jakiten ondo aterako den edo ez, inbertsio moduan jarritako dirua bueltan jasoko al duzun… Azken finean, ondo aterako al den daukazu buruan; izan ere, martxan jarrita ere, gero aurrera egin behar du. Negozio propioa zabaltzeko pausoa eman dugun guztiok ados izango gara horretan. Bestelako beldurrik edo arazorik ez dut izan prozesuan, oso argi bainuen zer zen nahi nuena, eta ingurukoen aldetik ere erabateko babesa jaso dut. Ikasturte berriarekin abian jarri nahi nuen akademia, eta gauzak azkar egiteko beharra sentitu dut, baina lortu dugu.
Orain arte egindako bidearen zer balorazioa egiten duzu?
Irailaren 8an zabaldu nuen Gaia hizkuntza zerbitzuak akademia, eta oso gustura nago. Herritarren harrera ona izatea espero nuen, hezkuntza beharrezko zerbait delako, baina espero nuena baino hobea izan da. Asko betetzen nau beti amestu dudan akademia orain egia bihurtu dela ikusteak. Izugarria da ametsa bete izana; izan ere, banekien egunen batean egingo nuela, baina ez horren azkar izango zela.
Zer zerbitzu eskaintzen dituzu?
Ingelesa, gaztelania eta euskara lantzen ditugu, eta hiru taldetan aritzen gara: tituluen prestaketa saioak (EGA, Cambridge…), eskolako errefortzu saioak eta ikasteko zailtasunak izan ditzaketenentzako saioak. Bi ikasgela ditugu akademian, eta saioaren arabera, bata edo bestea erabiltzen dugu. Duela gutxira arte izan naiz ikaslea, eta oso puntalakurloa izan naiz akademiekin eta horietako irakasteko moduekin. Beti kexatu izan naizen gauza horiei buelta ematen saiatzen ari naiz. Hala ere, informazioa nahi dutenek 608 34 97 56 zenbakira deitu edo gaia.hzk.info@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.
"Duela gutxira arte izan naiz ikaslea, eta oso puntalakurloa izan naiz akademiekin eta horietako irakasteko moduekin. Horregatik, beti kexatu izan naizen gauza horiek erabiltzen saiatzen ari naiz"
Zeintzuk dira norberarentzat lan egitearen onurak eta desabantailak?
Alde ona da inork ezin didala esan nola egin behar dudan lana; neuk erabakitzen dut zer eta nola egin. Txarra, aldiz, zera da: ez dudala deskonektatzen. Oraindik aste gutxi daramatzat martxan, eta agian azkarregi da ezer esateko, baina lanetik kanpo nagoenean ere laneko kontuetan izaten dut burua. Hala ere, denbora igarotzen doan bezala, horrek hobera egingo duela espero dut. Tamaina hartzea da gakoa.
Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan pertsonari? Halakorik egitera animatuko al zenuke?
Aurrera egiteko esango nioke, zalantzarik gabe. Betidanik ideia bat baldin baduzu buruan, zer hoberik hori egia bihurtzea baino? Asko jartzen da jokoan, baina egiteak merezi du. Erabakiak hartzeko ahalmena eta horiekin aurrera egiteko gaitasuna eduki behar dira, ausarta eta anbiziotsua izan behar da.
Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?
Oraingoz, akademia doan bidean joatea eskatzen dut, eta ditudan ikasleei ahalik eta zerbitzu onena eman nahi diet; kalitatea, kantitatearen aurretik. Ikasleak pozik etortzeak eta haien iritzi ona jasotzea izugarrizko motibazioa dira niretzat. Beti kexatu izan naizen gauza horiek zuzentzeko moduak praktikan jarri nahi ditut Gaian, eta betiko hizkuntza akademiatik alderatzen den gunea izan dadin nahi dut. Eskola errefortzuei merezi duten garrantzia eman nahi diet, ez baitago halako akademiarik. Horrez gain, beste hizkuntza batzuk lantzea ere gustatuko litzaidake: frantsesa edo alemana, esaterako.
Negozio ideia bat baldin baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.