Enpresei zuzenduta, adimen artifizialari buruzko tailer praktikoa eskainiko dute asteartean

Julene Frantzesena 2025ko ots. 5a, 08:43

Basazabal jauregian egingo dute saioa, 09:00etatik 14:00etara. Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, adimen artifizialak eskualdeko enpresei eskaintzen dizkien aukerez ariko dira solasean, kasu praktikoak landuta. Aurrez izena eman beharko da.

Enpresei zuzenduta, adimen artifizialari buruzko tailerra eskainiko du Iraurgi Berritzenek datorren asteartean Basazabal jauregian. SPRI Digitala egitasmoaren barruan, Mondragon Unibertsitatearekin eta BAICekin elkarlanean antolatu dute saioa, eta 09:00etatik 14:00etara egingo dute.

Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, adimen artifizialak eskualdeko enpresei eskaintzen dizkien aukerez ariko dira solasean. Izan ere, garapen agentziaren arabera, adimen artifizialaren erabilerak eguneroko prozesuak automatizatzea, eraginkortasuna hobetzea eta enpresetako erabakiak hobetzea ahalbidetzen du. Tailerreko parte hartzaileek ChatGPT, Gemini eta Copilot tresnak erabiltzen ikasiko dute, baita horiek enpresan nola aplikatu ere.

Saioa doakoa izango da, SPRIren laguntza tarteko, baina aurrez izena eman beharko dute parte hartu nahi duten enpresetako ordezkariek nahiz profesionalek. Honako lotura honetan eman daiteke saiorako izena.

Parte hartzaileek ikuspegi praktikoa landuko dute. Iraurgi Berritzenek azaldu duenez, enpresen lehiakortasuna areagotzeko tresna estrategiko bilakatu da adimen artifiziala, hala nola merkatu joera aurreikusteko, bezeroen datuak aztertzeko, lan prozesuak optimizatzeko, posta elektronikoa kudeatzeko, hitzorduak programatzeko nahiz salmenta txostenak sortzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide