Kostako errepidea

Historia liburuaren hitzartzea

Juan Luis Romatet 2025ko urt. 8a, 14:00

Mundu mailan ezaguna den Mutriku eta Zumaia arteko flyscharen senitarteko txikitzat har daiteke Zumaiatik Zarautzera arteko mendi zatia. Asier Hilario geologo eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoaren arabera, Lurraren historia liburu gisa –hala deitzen zaio flysch-ari metaforikoki– ezagutzen den amildegien jarraipena dira Zumaia eta Zarautz arteko labarrak. "Geoparkean dugun flyscha Behe Kretazikoan hasten da, duela 110 milioi urte inguru, Mutriku inguruan, eta Zumaiaraino heltzen da; Itzurungo arrokak duela 53 milioi urtekoak dira, Eozeno hasierakoak. Ekialdera eginez, Getarian eta Zarautzen dugu haren jarraipena; Zumaian hasten den Eozenoko flyscharen jarraipena da hura".

Geoparkekoa bezala, kostaldeko zati hori flysch arrokek osatzen dutela dio Hilariok. "Hostopil erraldoi baten antzerakoa da. Batetik, material biguna dugu, buztinak eta tupak, itsas hondoan metatzen direnak; eta bestetik, kapa gogorrak osatzen dituzten hare harriak ditugu, itsas hondoan izandako luizi erraldoietan eroritakoak. Horrenbestez, kapa gogorrak eta bigunak txandakatzen dira formazio geologiko horietan. Flysch hitza alemanierako fliessen aditzetik dator, eta irristatu esan nahi du. Horregatik, jarri zioten izen hori arroka mota horiei, geruza horiek elkarren artean irristatzen direlako".

Badaude, Hilarioren arabera, bi desberdintasun nagusi Geoparkeko eta Zarautz arteko arroken artean. "Batetik, Zumaiako labarretako estratuak, nolabait esateko, itsasoarekiko perpendikularrak dira, eta horregatik ikus daitezke hain ondo. Getariakoak eta Zarauzkoak, berriz, kostaldearekin paraleloan daude. Itzurungo hondartza mendebaldera dago orientatuta; Getaria, berriz, ipar-ekialdera. Horrela, geruzak itsasoarekiko paraleloan daude, eta askoz ere errazago erortzen dira".

Bi eremuen arteko beste desberdintasun bat geruzen lodiera dela jakinarazi du geologoak. "Zumaian hasten den Eozenoko flyschak Geoparkearekin duen desberdintasuna da hare harrizko geruzak gero eta lodiagoak direla. Zumaian estratu horiek oso finak dira; Getaria edo Zarautzera joanez gero, aldiz, askoz lodiagoak dira hare harrizko kapa gogor horiek, metro erditik metrotik gora artekoak. Beren pisua dute geruza horiek, eta erori egiten dira. Hemen euri asko egiten du, eta euri hori sartu egiten da goialdetik; ur horrek kapa bigunak are gehiago biguntzen ditu, eta kapa gogorrak amildu egiten dira".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide