Olatuek kostaldea errukirik gabe kolpatzen dutenean, euri zaparradak etengabe egiten dituenean, zerura begira jartzen dira getariarrak. Ez dira ekaitza baretuko duen seinaleren baten zain egoten, Garatetik barrena Meagara iristen den errepidera so baizik. Izan ere, kostako errepidea ixten dutenean, izan luizi batengatik edo izan olatuengatik, mendi aldean dagoen bide estu hori dute getariarrek joan-etorrietarako irtenbide bakarra. "Inguruak gauza onak ditu, baita gauza txarrak ere. Getariak, bere baldintzengatik, ezker-eskuinera ditu irteerak, eta kostako errepidean zerbait gertatzen den bakoitzean, herriaren goialdetik aurkitu behar izaten dugu irtenbidea", dio Haritz Alberdi Getariako alkateak.
Ondo ezagutzen ditu Alberdik errepidearen itxierak herrian sortzen dituen gorabeherak. "Faena" hitza birritan erabili du hark gertaera horiek herrian sortzen dituzten oztopoak definitzeko. Hori hala izanik ere, ikuspegi positiboa erakutsi du alkateak, eta uste du azken urteotan aldundiak errepide horretan egin dituen eskuhartzeak tarteko bidea ez dela lehen adinatan ixten. "Faena bat izaten jarraitzen du, baina azken urteetako lanek kalteak asko murriztu dituzte. Lehen askoz gehiagotan ixten zen bidea, eta gainera, denbora gehiagoz egoten zen itxita. Dena den, prebentzioan jarri beharko genuke fokoa, eta mendi magaleko puntu delikatuak zein diren detektatu luizi gehiago ez egoteko".
Baina, gora begiratzen duten bezala, behera ere begiratu egin behar dela uste du Alberdik, hau da, itsasertzera. Urte hasieran, otsailean, Getaria eta Zarautz artean izandako errepide itxiera gogoratu du. Orduan ez zen mendia errepidera erori; errepideko horma jan zuten olatuek. "Aldundiak orduan publikoki esan zuen bezala, 'gora begiratzen dugun bezala, behera ere begiratu egin behar dugu', itsasoak sekulako eragina du eta. Gertaera hura izan zenean, udalak eskatu zuen errepidearen beheko zatia errepasatzeko, dronen bidez, teknikarien bidez, beharrezkoak diren tresna guztiekin, egon daitezkeen puntu ahulak detektatzeko, prebentzioan eragiteko eta kolokan dauden lekuetan esku hartzeak egiteko".
Mira orokorrean N-634 errepidean jartzen baldin bada ere, Alberdiren ustetan ez da ahaztu behar Getariatik Meagara iristen den errepidearen egoera zer-nolakoa den. Izan ere, kostako errepidea itxita baldin badago, irtenbide bakarra du Getariak, eta hori Meagako bidea da. Bide horren egoeraz ere aldundiarekin hitz egin duela esan du alkateak. "Meagako errepidearen azterketa egin egin beharko litzateke. Jakina da trafiko handiena kostako bidean izaten dela, baina halako gertaerak izaten direnerako eta, goiko bideak ere egoera onean egon beharko luke; autoen eta kamioien joan-etorria egokia izan dadin, beti ere ingurunea errespetatuz, zorua konpondu, bidea zabaldu eta bide ertzetako belarrak kendu beharko lirateke". Alberdiren ustez, etorkizun hurbilean egin beharko litzateke lanketa hori. "Aldundiak esan zigun horretan ari zirela. Eta guk eskatzen jarraituko dugu, Getariak sufritu egiten duelako. Beheko errepidea ondo eduki behar den bezala, goikoa ere ondo eduki behar da; erosotasun aldetik ere bai, baina segurtasun aldetik bereziki".