Saretzen

"Tristea da; Zumaiako gazteei herrian bizitzeko aukera kentzen ari dira"

Aitziber Arzallus 2024ko urr. 31a, 10:44

Leire Martija. (Guka)

Zumaiarra da Leire Martija (Zumaia, 1990), baina Arroabean bizi da duela urte batzuetatik, jaioterrian ez zuelako erosteko moduko etxebizitzarik topatu. Ez da Arroabean bizi den zumaiar bakarra.

Izatez zumaiarra zara, baina duela urte batzuetatik Arroabean bizi zara. Zer dela-eta erabaki zenuen Arroabera bizitzera joatea?

Arroara etorri aurretik Zarautzen eta Zumaian bizi izan nintzen alokairuan. 2020an Zarauztik mugitzea erabaki genuen, eta Arroan alokairurako aukera bat zegoela esan zigun etxe agentziakoak. Zumaian, Getarian eta Zarautzen begira jardun ginen arren, ez genun ezer topatu. Alokairurako eskaintza urriagatik etorri ginen hona bizitzera; ez geneukan ezer galtzeko.

Ziurrenik ez zara izango antzerako arrazoiengatik azken urteotan Arroabera bizitzera joan den bakarra. Kanpotik joandako asko elkartu al zarete inguruan?

Arroan bizi den jende gaztearen ehuneko handi bat zumaiarra da, eta orain egin berri dituzten 89 etxebizitzetara etorri direnetako asko ere halaxe dira. Gure etxepean, adibidez, hamabost etxebizitzatik zapitan zumaiarrak bizi gara. Ezagutzen dudan eta tratua daukadan jende gehientsuena gure antzerako arrazoiek bultzatuta etorritakoa da. Batetik, herriak eskaintzen duen aukera eskasak aldenduta; eta bestetik, prezio horiek ordaintzeko prest ez gaudelako.

Erraza egin al zitzaizun Arroabera bizitzera joateko erabakia hartzea?

Zumaian bizitzeko aukera sortuko balitzaizu, joango al zinateke? Bere garain ez zitzaigun zaila egin erabakia hartzea, momentu hartan ez geneukalako beste aukeraik. Gainera, berehalaxe egin ginen bertako bizitza lasaira. Ez naiz damutzen etorri izanaz, baina Zumaian bizitzeko aukera izango banu Arroan topatutako baldintzetan, joango nintzateke, batez ere erosotasunagatik.

Zer topatu duzu Arroabean Zumaian ez zenuenik? Eta kontrara, zerbaiten faltarik sumatzen al duzu?

Zumaian, adibidez, nire kale berean bizi zen jendearekin ez nuen hemengo auzotarrekin daukadan harremanik. Gurekin oso irekiak izan dira lehenengo momentutik, eta harreman ona egin dut helduekin, gazteekin zein haurrekin. Denok elkarren berri izaten dugu hemen. Bakarrik egonda ere, tabernara joan eta beti izaten duzu norekin egon. Zumaiatik falta dudana, berriz, etxetik irten eta paolera lasai pasieran joateko aukera da, edo hondartza bertan izatea, salitre usaina...

Zumaiako gazteek ia ezinezkoa dute beren herrian bizitza proiektu bat garatzea. Zer iritzi duzu horren inguruan?

Lotsagarria iruditzen zait dagoen panorama. Ez dakit nola konpondu litekeen, baina argi dago zerbait egin beharra dagoela. Turismoak Zumaian azken urteetan izan duen eragina oso handia da. Etxe turistikoak arautu behar dira, baina gainontzeko alokairuei ere gehienezko prezioak jarri behar zaizkie. Izan ere, hilean 800-1000 euro bitarteko alokairu errentak daude, eta 800 euroan zerbait topatuz gero, ganga bat dela pentsarazten digute. Orain ez dakit nola egongo den alokairurako diru laguntzen kontua, baina hori ere ondo begiratu beharko litzateke, edo hobeto kudeatu. Lehen, 2017aren bueltan, 750 eurotik beherako alokairu errenta zutenei ematen zieten laguntza, baina orduan ere hortik gorako prezioak zeuden. Zer gertatzen zen? Bada, etxe hori nahi zuenak kontratuz 750 euroko errenta izaten zuela laguntza jaso ahal izateko, eta gainontzeko zatia beltzean eman behar izaten ziola etxejabeari. Oraindik ere horrelakoak izango dira, eta ez Zumaian bakarrik. Herritarroi eta gazteei herrian bizitzeko aukera kentzen ari dira horrekin guztiarekin; oso tristea da. Azkenean, pixkanaka, Saloun eta antzerako herrietan gertatzen dena gertatzen ari da hemen ere.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide