Lehen sektoreko belaunaldi erreleboa bermatzea helburu duen ekimena aurkeztu dute eskualdean

Juan Luis Romatet 2024ko urr. 23a, 17:30

Atzo Azpeitian egin zuten aurkezpeneko irudia. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Programa honen bidez, belaunaldi erreleboa sustatu nahi du aldundiak lehen sektorean. Urola Kosta mailako aurkezpena egin zuten atzo Azpeitian. 

Lehen sektorean belaunaldi erreleboa bermatu nahian, Baserritar Misto Profesionala izeneko ekimena abiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak. Horretarako, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei laguntza eman nahi die aldundiak, "enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igarotzeko, prozesu honetan bi lanak uztartuz".

Hala, atzo Azpeitian aurkeztu zuten ekimenak –60 lagun izan ziren Basazabalen egin zen saioan– %50eko lanaldi-murrizketa proposatzen du, beste lanaldi erdia baserriko lan batzuekin osatzeko, era horretan diru sarrerak bi jardueretatik etor daitezen. Programak sei urteko iraupena izango du guztira, eta aldundiak konpentsazio ekonomikoa emango die baserritarrei zein enpresei lanaldi murrizketari aurre egiten laguntzeko.

18 eta 55 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago programa hau. Ekimenean parte hartu ahal izateko, kontratu mugagabea eta lanaldi osokoa izan behar dute interesdunek, eta lanean gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna ziurtatu beharko dute. Bazkide langileen kasuan, hamar bazkide baino gehiago dituzten erakundeetako bazkide langileek soilik izango dute laguntza jasotzeko aukera. Langile berrien kasuan, lan-kontratu mugagabe berriak lanaldiaren %50 izan beharko du. Ekimenaren informazioa hemen jaso daiteke. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide