'Gure Mazedonia' saioaren laugarren atalean, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa

Guka Telebista 2024ko abu. 23a, 10:00

Orioko, Azkoitiko eta Zarauzko saioen ondoren, Azpeitikoa eskaini zuen atzo Guka Telebistak. Abuztuan ostegunero 21:45ean, ikusi ahal izango dira saioak telebistan, Mireia Galarza Bastidak aurkeztuta eta Ian Ruiz Lizasok zein Julene Sorarrainek lagunduta.

Abuztua hastearekin batera, Guka Telebistak udako saio berria estreinatu zuen: Gure Mazedonia. Abuztuan, ostegunero 21:45ean hasita, Mireia Galarza Bastida kazetariak Urola Kostako herririk handienak bisitatuko ditu uda garaiko gaiak lantzeko asmoz. Gainera, ondo lagunduta arituko da aurkezlea saio berrian, Julene Sorarrain eta Ian Ruiz Lizaso izango baititu bidelagun.

Azpeitiko saioa eskaini zuen Gukak atzo telebistaz. Galarza aurkezleak Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa bisitatu zuen, eta hark Juanjo Olaizola zuzendariarekin hitz egin zuen. Uda sasoiko gorabeherez, lurrun trenaren kontuez, museoaren berezitasunez eta bestelako hamaika kontuz hitz egin zuten bi lagunek. Sorarrainek eta Ruizek, berriz, museoko bisitariei lagundu zieten Azpeititik Lasaora arteko bidaia egiten.

Orioko, Azkoitiko, Zarauzko eta Azpeitiko saioak eskaini ondoren, abuztuaren 29an (21:45) eskainiko du Guka Telebistak Gure Mazedonia saioaren bosgarren atala. Azken saio horretan Zumaiako kontuak izango dituzte hizpide, Iñaki Atriain kokteleroarekin elkartuko baita Galarza aurkezlea. Ohi bezala, ostiralean, hilaren 30ean ikusi ahal izango da saioa osorik Gukaren webgune guztietan. Ez galdu!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide