23. Korrika

'Eskuz esku, euskaraz harro' erreportajea, osorik ikusgai

Erredakzioa 2024ko mar. 17a, 20:15

2.700 kilometro, ehunka herri, milaka euskaltzale eta milioika taupada euskararen alde. Euskal Herria alderik alde zeharkatuko du Korrikak, eta Urola Kostatik ere igaroko da. Korrikaren aldi bakoitzak dakartza berarekin askotariko sentipenak eta esperientziak, eta horren lekuko dira erreportaje honetako protagonistak. Guztiek parte hartu dute Korrikan noiz edo noiz, eta aurten ere lasterka irtengo dira euskararen alde.

Asteartean, gauerdia jotzeko minutu batzuren faltan, Korrika Oriotik barrena sartuko da Urola Kosta eskualdera. Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaia zeharkatuko ditu kostan, eta, gainera, hasiera batean pentsatuta bezala egiteko moduan izango dira: N-634 kostako errepidea erabilita.

Azken asteetan antolatzaileei nahikoa buruhauste eman die kontu horrek. Konpontze lanak tarteko, Zarautz eta Getaria arteko zatia itxi egin zuten, eta Korrika pasatzerako lanak bukatuko ez zituztelakoan, ibilbidea egokitu eta Meagatik barrena bideratzea erabaki zuten antolatzaileek. Ostegunean, ordea, kostako errepidea ostiral iluntzean zabalduko zutela iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak; horrenbestez, hortik igaroko da Korrika.

Kosta atzean utzi, eta Aizarnazabal, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitia zeharkatuko ditu Korrikak egunak argitu bitartean. Momentu bereziak asko izango dira bidean, eta horietako bat, dudarik gabe, Korrika Aizarnazabalera iristen den unea izango da, herrigunera igotzen den lehen aldia izango baita. Aurreikusitakoa betetzera, 06:35ean pasatuko da Elosutik, Azkoitia eta Bergara arteko mugatik. Hor bukatuko du Urola Kostako ibilbidea, baina aurrerantz jarraituko du martxoaren 24an Baionara iritsi arte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide