Gimnastika erritmikoko Euskadiko Txapelketak jokatu dituzte asteburuan: atzo, senior eta jubenil mailetako lehiak izan ziren Durangon (Bizkaia), bezperan, infantilen txanda izan zen Arrasaten (Gipuzkoa). Batean zein bestean, Zubiberri gimnastika erritmikoko kideek hainbat domina eskuratu zituzten: seniorren taldeak, esaterako, urrea lortu zuen atzo, hiru uztai eta bi pilotarekin egindako lanarekin, eta Euskadiko txapeldun izendatu zituzten Miren Casas, Aitana Sanchez, Amaia Sudupe, Jone Arzuaga, Ane Illarramendi eta Garazi Urdalleta taldekideak.
Infantilen mailan, berriz, Garazi Sudupe Gipuzkoako txapelduna izan zen sokarekin egindako lanarekin, eta haren taldekide Araitz Bordarekin batera Euskadiko txapeldunorde ere izendatu zuten bikotea. Azken hori, gainera, uztaiarekin egindako lanarekin txapeldunorde ere izan zen bakarka.
Jubeniletan, bestalde, Amaia Sudupe hirugarren postuan geratu zen zintarekin egindako lanarekin, eta Leire Garcia zazpigarrena eskuratu zuen pilotarekin. Biek osatu zuten taldea, berriz, hirugarren izan zen sailkapenean. Jubenilen talde handiak, berriz, 10. postua lortu zuen.
Horrez gain, infantilen talde handia laugarren postuan geratu zen Euskadiko Txapelketan.