Zubiberri gimnastika erritmiko taldeko kideek Gipuzkoako Txapelketako amateurren finalak jokatu zituzten larunbatean Ibarran, eta hainbat dominarekin itzuli ziren etxera. Jubeniletan, Amaia Sudupe Gipuzkoako txapeldun izendatu zen zintarekin, eta kadeteetan, Helene Murillok ere urrezko domina eskuratu zuen mazoekin. Sudupek, banaka ez ezik, taldekako urrezko domina ere eskuratu zuen, haren taldekide Leire Garciak bigarren postua eskuratu baitzuen, eta bi horien taldea nagusitu zen jubeniletan.
Kategoria desberdinetako Azkoitiko zortzi talde lehiatu ziren finalean, eta horietako bost bikoteka aritu ziren, banakako lana eginez. Hain justu, Sudupek eta Murillok modu horretara lortu zuten urrezko domina. Ane Illarramendi eta Maite Rodriguez kadeteek, berriz, laugarren eta bigarren postuak eskuratu zituzten banaka, baina bi horiek osatu zuten taldea txapelduna izan zen kategoria horretan.
Bestalde, Maren Casas, Aitana Sanchez, Amaia Sudupe, Jone Arzuaga eta Ane Illarramendik uztaiekin eta pilotekin egin zuten batera lan finalean, eta seniorren talde horrek bigarren postua lortu zuen.
Igandean, berriz, benjaminek topaketa egin zuten Arrasateko Uarpake pilotalekuan, eta han Zubiberriko lau taldek parte hartu zuten.