Zubiberri gimnastika erritmiko taldeko kideek Azpeitian izan dituzte asteburuko hitzorduak. Zapatuan, arratsaldean, kimuen mailako bigarren faseko probak jokatu zituzten, eta igandean, haurren mailakoak. Kimuen mailako probetan Zubiberrik bi talde izan zituen, eta haurren mailakoan hiru talde eta bakarlari bat.
Floreaga taldea ordezkatu zuten Nora Murillok, Ane Murillok, Elene Aizpuruak, Jone Martinezek, Zihara Aranburuk eta Irati Miguezek. Xabier Muniberen izenean aritu ziren, bestalde, Malen Egino, Jule Arregi, Nura Alberdi, June Kortadi eta Aliana Pachec. Bi taldeek hiru pilota eta hiru esku libre modalitatean osatu zuten beren ariketa. Bosgarren postua lortu zuen Xabier Munibe taldeak, eta zazpigarrena Floreaga taldeak. Ordea, lehen faseko emaitzak batuta, Floreagak hirugarren postua eskuratu du eta Xabier Munibek zazpigarrena. Nolanahi ere, bi taldeek lortu dute finalera sailkatzea.
Igandean, berriz, bost uztaien modalitatean gauzatu zituzten lana Zubiberriko ordezkariek. Arette Hernandez, Intza Arregi, Aiuri Ezkerra, Camila Granados, Garazi Sudupe, Araitz Borda (ordezkoa) eta Naia Aizpurua (ordezkoa) izan ziren Zubiberri A taldekoak; Nora Illarramendi, Jare Casas, Mara Ibarmia, Elene Santos, Leire Pardo, Arene Azpitarte (ordezkoa) eta Maialen Rodriguez (ordezkoa) Zubiberri F taldekoak; eta Ramatoulage Diallo, Irati Garmendia, Ane Goitisolo, Jare Odriozola, Malen Etxaniz, Aroa Juaristi (ordezkoa) eta Keila Tay de la Gala (ordezkoa) Zubiberri X taldekoak.
Araitz Bordak, bestalde, banakako ariketa aurkeztu zuen, eta hark lehen postua lortu zuen, bai Azpeitian jokatutako proban, bai sailkapen orokorrean. Taldekakoan, Zubiberri A taldea bigarren sailkatu zen, zortzigarren Zubiberri F eta hemeretzigarren Zubiberri X. Sailkapen orokorrean, ordea, Zubiberri A lehena sailkatu da, zortzigarrena izan da Zubiberri F eta hamalaugarrena Zubiberri X. Finalerako txartela lortu dute lehen bi taldeek.
Datorren zapatuan, Zubiberriko hiru taldek eta bost kidek Tolosako txapelketan parte hartuko dute.