Gipuzkoako Gimnastika Erritmikoaren Txapelketako lehen faseko lehiaketa jokatu zuten atzo, zapatua, Bergarako Labegaraieta kiroldegian. Proba horretan parte hartu zuten Azkoitiko Zubiberri gimnastika erritmiko taldeko kideek ere, eta emaitza txukunak pilatu zituzten.
Ohio bezala, taldean aritu ziren batzuk eta bakarka besteak. Senior mailakoek uztaiarekin eta pilotarekin lehiatu behar izan zuten; gazte mailakoek, mazekin, eta kadete mailakoek, pilotekin. Bakarlariak ere bere mailako elementuarekin lehiatu ziren: gazte mailakoak pilotarekin; kadeteak nahiz seniorrak, uztaiarekin; eta masterrak, sokarekin.
Goizez eta arratsaldez izan zituzten hitzorduak Zubiberrikoek. Goizean, gazte mailakoen taldekakoan, Iraide Urangak, Naia Ibañezek, Naroa Epeldek, Leire Garciak eta Maite Rodriguezek ordezkatu zuten Zubiberri; zazpigarren sailkatu ziren haiek. Senior mailako taldekakoan, berriz, Maren Casasek, Aitana Sanchezek, Amaia Sudupek, Jone Arzuagak eta Ane Illarramendik laugarren postua erdietsi zuten. Bakarlari bezala aritu ziren, bestalde, gazte mailako Leire Garcia nahiz June Ibarmia eta senior mailako Aitana Sanchez. Ibarmia aurrena sailkatu zen eta hirugarren Garcia; senior mailan, ostera, laugarrena izan zen Sanchez.
Arratsaldean, berriz, kadeteen txanda izan zen. Taldekakoan, Maialen Saenzek, Haizea Astigarraga, Intza Elortzak, Eire Segurolak eta Helene Murillok parte hartu zuten, eta bakarkakoan, Ane Illarramendik. Zubiberriko taldea bosgarrena izan zen sailkapenean, eta Illarramendik seigarren postua eskuratu zuen.
Datorren asteburuan Gipuzkoako Txapelketaren kimuen mailako lehen faseko probak jokatuko dituzte Donostian. Zubiberriko bost taldek eta bakarlari batek parte hartuko dute hitzordu horretan.