Zubiberriko gimnastek Ibarrako kiroldegian (Gipuzkoa) jokatu zuten atzo, igandea, Amateurren Bigarren Faseko gimnastika erritmikoko txapelketa. Goizean, kadeteen mailako lehiaketetan honako gimnastek parte hartu zuten bost piloten ariketan: Iraide Uranga, Naia Ibañez, Naroa Epelde, Leire Garcia, Ane Illarramendi eta Maite Rodriguez. Seniorren mailan, Aitana Sanchez eta Garazi Urdalleta gimnastek lehiatu zuten mazoen ariketan.
Arratsaldean, berriz, senior mailako taldeak parte hartu zuen batetik, hiru uztai eta lau mazoen ariketan. Maren Casasek, Aitana Sanchezek, Nikole Aranbarrik, Amaia Sudupek eta Jone Arzuagak ordezkatu zuten Zubiberri, eta bigarren sailkatu ziren. Jubenilen mailan, berriz, Amaia Sudupe zintarekin aritu zen bakarka, eta bigarren sailkatu zen.
Kadeteen mailan, bigarren postua lortu zuten taldeka Zubiberrik bost pilotekin egindako ariketan. Rodriguezek eta Illarramendik aurreneko postua lortu zuten, mazoekin egindako kadeteen mailako ariketan, baita Epeldek eta Garciak ere. Sanchez eta Aranbarri, berriz, hirugarren sailkatu ziren, eta Urdalleta, bederatzigarren.