Zubiberri gimnastika erritmiko taldeak Gipuzkoako Txapelketako bigarren faseko probak jokatu ditu asteburuan, Donostian. Larunbatean, arratsaldez, alebin mailako txapelketaren lehen faseko proba jokatu zuten Atano III.a pilotalekuan, eta atzo, igandea, haurren mailako lehen faseko lehia, leku berean.
Zubiberriko alebin mailako hiru taldek parte hartu zuten larunbateko probetan, hain zuzen, Floreaga Ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako eta Bizilore Eskola Aktiboko talde banak. Hiru pilota eta bi esku libre modalitatean aritu ziren taldeka, eta Xabier Munibe eta Bizilore taldeek lortu zituzten Zubiberriren emaitzarik onenak. Hain zuzen, lehena sailkatu zen Xabier Munibeko taldea, eta hirugarren Bizilorekoa. Aldiz, hamahirugarren sailkatu zen Floreagako taldea. Helene Murillok, berriz, sokarekin bakarka parte hartu zuen, eta hark bigarren postua eskuratu zuen. Emaitzak horrela, Xabier Munibe eta Bizilore taldeak eta Helene Murillo nahiz Eire Segurola maiatzaren 13an Bergaran (Gipuzkoa) jokatuko den Gipuzkoako Txapelketaren fase nagusira sailkatu dira.
Atzo, berriz, haurren mailako bigarren faseko probak jokatu zituzten Zubiberriko kideek Donostian. Bi taldek parte hartuko zuten han bost uztai modalitatean. Hirugarren postua eskuratu zuen Zubiberri 1 taldeak, eta bosgarren postua Zubiberri 2 taldeak. Naroa Epeldek, ostera, bakarkako lana egin zuen uztaiarekin, eta hark lehen postua lortu zuen. Bi taldeek lortu dute maiatzaren 13an Bergaran aritzeko txartela.
Asteburuan, Tolosan
Datorren asteburuan bi hitzordu izango ditu Zubiberrik. Larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa) arituko dira Zubiberri taldeko kideak. Seniorren eta haurren mailetako taldeek parte hartuko dute han. Amaia Sudupek, berriz, pilotarekin eta mazoarekin egingo du ariketa. Igandean, berriz, Gasteizko Beti Aurrera taldeak antolatutako txapelketan izango dira haurren bi talde. Bakarkakoan, Nikole Aranbarri mazoekin arituko da, eta Nahia Urbizu uztaiarekin.