Zubiaurre igeri elkarteak zabalik du igeri eskolarako izen-ematea

Erabiltzailearen aurpegia Zubiaurre igeriketa elkartea

Igeri eskolako hainbat haur, kiroldegiko igerilekuan. (Zubiaurre igeriketa elkartea)

Zubiaurre igeriketa kluba denboraldiri ekiteko azken prestaketa lanetan murgilduta dago. Hori hala, antolaketaren nondik norakoak familiei azaltzeko bilerak deitu ditu etzirako, astearterako. Klubean lehen urtea duten haurrei eta eguerdian entrenatzen dutenei lotutako xehetasunak azalduko dituzte bileretan.

Zubiaurre igeriketa klubak datozen egunetan hasiko du denboraldi berria, eta datorren ikasturteko antolaketaren nondik norakoak familiei azaltzeko, hainbat bilera antolatu ditu etzirako, irailak 8. Guztira, bi bilera egingo ditu igeriketa klubak: aurrena, izena aurrenekoz eman dutenei zuzendutakoa izango da; bigarrena, eguerdi partean entrenatzera joaten direnei.

Aurten lehenengoz izena eman dutenekin 17:30ean egingo dute bilera Zubiaurreko kirol arduradunek, Elkarguneko Herriko plaza aretoan. Bertan, igeriketa klubaren nondik norakoak azaldu eta funtzionamenduaren inguruko xehetasunak emango zaizkie gurasoei eta tutoreei. Era berean, izen-emate orriak bete eta seme-alabei egokitutako taldeak nahiz ordutegiak jakinaraziko ditu klubak.

Gurasoek, beraien aldetik, aukera izango dute dituzten zalantza guztiak galdetzeko eta arduradunen taldea ezagutzeko. Nahi duenak aukera du oraindik izena emateko; 2019an jaiotakoak (edo zaharragoak) has daitezke aurten igeri eskolan.

Eguerdian entrenatzen dutenei zuzenduta egongo da bigarren bilera, egun berean, baina oraindik zehaztu gabe daude ordua eta lekua. Zubiaurreko arduradunek jakinarazi dutenez, gurasoei zuzenean helaraziko diete informazio hori. 

Entrenamenduen hasiera datak 

Bigarren Hezkuntzatik gorakoak izango dira entrenamenduekin hasten lehenengoak; hain zuzen bihar, irailak 7, ekingo diote denboraldiari.

Gainerako taldeak –igeri eskolako arratsaldekoak eta eguerdikoak– irailaren 16a, asteazkena, izango dute aurreneko eguna. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide