40 domina eskuratu dituzte Zubiaurre igeriketa klubekoek Gipuzkoako Txapelketetan

Erabiltzailearen aurpegia Zubiaurre igeriketa elkartea 2026ko ekainaren 26a

Zubiaurreko juniorrak eta absolutuak. (Zubiaurre)

Zubiaurre igeriketa elkarteko kimuek, haurrek, juniorrek eta absolutuek Gipuzkoako Udako Txapelketak jokatu dituzte azken bi asteburuetan, eta guztira, 40 domina eskuratu dituzte. Maila oso ona erakutsi dute herriko igerilariek Gipuzkoako proba horietan. 

40 domina eskuratu dituzte Zubiaurre igeriketa elkarteko kideek Gipuzkoako Udako Txapelketetan. Klubeko kimuek eta haurrek duela bi asteburu jokatu zituzten probak, eta joan den astean aritu ziren Bergaran (Gipuzkoa) juniorrak eta absolutuak. Azken maila horietako igerilariek, hamalau domina eskuratu zituzten, eta kimuek zein haurrek, 26 domina.

Juniorren eta absolutuen mailetan, Olaia Gaitanek, Aner Agirrezabalek eta Joritz Garatek lortu zituzten dominak. Gaitan bigarren sailkatu zen juniorretan eta hirugarren absolutuan 50 metro bizkar proban. Nolanahi ere, emaitza bera eskuratu zuen 100 metro bizkar eta 50 metro libreko probetan. Gainera, 100 metro libreko probari lotuta, brontzezko dominak jantzi zituen Gaitanek bi mailetan. Agirrezabalek, berriz, junior mailako brontzea jantzi zuen 100 metro libre eta 50 metro tximeleta probetan. Ordea, 50 metro libreko proban bigarren juniorrik onena izan zen hura, eta absolutuetan hirugarrena. Garatek, bere aldetik, zilarrezko bi domina jantzi zituen juniorren mailan: 50 eta 100 metro bular probetakoak.

Bestalde, erreleboetan juniorrek neska-mutiletan ere lortu zituzten dominak: 4x100 metro librekoan bai mutilen taldea, bai neskena, hirugarren onena izan zen; 4x100 estiloetan, berriz, zilarra eskuratu zuten neskek.

Haurrak, goi mailan

Kimuen eta haurren mailan, bestalde, maila oso ona erakutsi zuten Zubiaurreko igerilariek. Guztira, 26 domina jantzi zituzten. Ordea, aipatzekoa da sailkapen bateratuan mutilek hirugarren postua lortu izana. Kimuen mailan, Elen Aldalurrek, Lia Arregik, Mara Hernandezek, Kaia Izagirrek, Ekaitz Urrutiak, Jon Larrañagak, Garder Juaristik, Joanes Oñederrak eta Galder Plazaolak lortu zituzten dominak; haurren mailan, Lide Ansolak, Larraitz Azkoitiak, Erik San Sebastianek eta Eneko Juaristik; eta erreleboetan, kimuen nahiz haurren mailako mutilek lortu zuten podiumera igotzea. Honako lotura honetan ikus daitezke igerilari horiek guztiek zer probatan lortu zituzten dominak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide