Zubiaurre igeriketa klubak datorren ikasturteko igeriketa eskolarako izen ematea zabaldu du. LH 2. mailatik aurrerako haurrei zuzendutako eskolak eskainiko ditu Zubiaurrek, alegia, 2019. urtean edota lehenago jaiotako umeei. Horiek igerian ongi egiten ikastea eta igeriketaz lagunartean gozatzeko aukera eskaintzea dira klubaren helburuak.
Igeriketa eskolan haurrek oso modu naturalean ikasiko dituzte igeriketa modalitate ezberdinetarako baliagarriak diren teknikak; izan ere, lau estilotan trebatuko dira. Lehiarako aukera ere izango dute bigarren ikasturtetik aurrera, baina lagunartean ondo pasatzea eta kirolaz gozatzea izango da garrantzitsuena, betiere norberaren gaitasunetan sakonduz eta horietan trebatuz.
Igeriketa eskolan izena emateko nahikoa da honako lotura honetan dagoen galdetegia betetzea. Iraila hasieran, berriz, izena eman duten haurren gurasoei zuzendutako bilera bat deituko du igeriketa klubak. Bilera horretan, klubaren funtzionamendua ezagutu eta behin-betiko izen ematea egin ahal izango dira.
Erreferentzia modura, honako lotura honetan kontsulta daitezke aurtengo ikasturtean talde bakoitzak izan dituen ordutegiak –aldaketak egon daitezke ume kopuruen arabera–. Zalantzaren bat argitzea nahiko balu inork, deitu 641 55 20 12 telefono zenbakira.