Asteburuan emaitza oso onak lortu dituzte Zubiaurreko igerilariek

Erabiltzailearen aurpegia Zubiaurre igeriketa elkartea 2026ko otsailaren 24a

Zubiaurreko igerilariak Euskal Herriko Neguko Txapelketan, Iruñean. (Zubiaurre Igeri Elkartea)

Asteburuan bi txapelketatan lehiatu dira Zubiaurreko igerilariak: Zarautzen Gipuzkoako Neguko Sarian eta Iruñean junior eta absolutu mailako Euskal Herriko Neguko Txapelketan.

Bi txapelketa lehiatu zituzten asteburuan Zubiaurreko igerilariek. Bata, Zarautzen, Gipuzkoako Neguko Saria, eta bestea, Iruñeko Euskal Herriko Neguko Txapelketan, junior zein absolutu kategorietan. 

Zarautzen lehiatutako txapelketan emaitza politak lortu zituzten Zubiaurreko igerilariek. Haurren mailan lau domina lortu zituzten: Jon Cabanillasek urrea eta zilarra irabazi zituen, estilo libreko 100 metroko eta bizkar-estiloko 50 metroko probetan, hurrenez hurren; Nora Agirrezabalek bular-estiloko 200 metroko proban zilarra lortu zuen; eta estilo libreko 100 metroko brontzea Jon Uzinentzat izan zen. 

Sailkapen orokorrari dagokionez, Oier Garatek lehen postua lortu zuen mutilen absolutu mailan. Taldekako kategorian, Zubiaurreko mutilak 3. postuan sailkatu ziren, eta sailkapen orokor bateratuan ere Gipuzkoako 3. postua lortu zuen Zubiaurrek. 

Iruñeko txapelketan, bestalde, Zubiaurreko hamabost igerilarik hartu zuten parte, horiek bete baitzituzten lehiaketan parte hartzeko beharrezkoak ziren gutxieneko denborak. Eta ez zuten huts egin; izan ere, 21 marka pertsonal hobetu zituzten. 

Hobekuntza horretan goraipatzekoak dira Olaia Gaitanek eta Joritz Garatek junior kategorian eskuratu zituzten bost dominak. Gaitanek brontzezko bi domina lortu zituen, bizkar-estiloko 50 eta 100 metroko probetan. Garatek, aldiz, bular-estiloko probetan irabazi zituen gainontzeko hiru dominak: 50 eta 200 metrotan zilarra, eta 100 metrotan brontzea. Gainera, 50 metroko proban Espainiako Txapelketarako gutxieneko denbora egin zuen Garatek. 

Asteburuko argazki gehiago honako lotura honetan

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide