Datorren zapatuan, hilak 22, jokatuko du Zubiaurre igeriketa klubak haurren San Andres igeriketa saria. Azken urteetako ohiturari jarraituz, festa eta lehia uztartuko dituzte aurten ere Elkarguneko igerilekuan, 16:00etan hasita.
Azkoitiko Zubiaurre zein Azpeitiko Izarraitz igeriketa klubetako eta Marea Urdina taldeko igerilariek parte hartuko dute sariketan. Adinez adin banatuta, 25 metro egingo dute igerian txikienek –LH 3 eta 4 mailak– eta 50 metro zaharrenek –LH 5 eta 6 mailak– nahiz Marea Urdina taldekoek. Maila bakoitzean denbora onena egiten duten hiru partaidek osatuko dituzte podiumak, baina saria guztiek jasoko dute: domina eta goxoki poltsa bana.
Zapatuan, gainera, Marea Urdinak eskualdeko herriengan zein biztanleengan utzi duen arrastoa nabarmenduko dute. Pertsona ororen inklusioan egindako ibilbide arrakastatsua aitortuko dio Zubiaurre klubak Marea Urdina elkarteari, eta hori hala, elkarteko kideek izango dute podiumean sariak banatzeko ohorea.
Sariketari ekin baino lehen, jaialdian parte hartuko dute igerilariak igerilekura igoko dira. 15:00etatik aurrera izango dute horretarako aukera, Elkarguneko sarrera zaharretik.
Aurretik, talde argazkiak
San Andres saria Zubiaurre igeriketa klubaren festa eguna da, maila guztietako igerilariak elkartzeko eta familiekin batera ospatzeko eguna. Deialdiaren garrantzia ikusita, Zubiaurrek zapatuko eguna aprobetxatuko du talde argazkiak ateratzeko.
Hori hala, Zubiaurrek dei egin die klubek partaide diren guztiei 14:00etarako kiroldegira azal daitezen, orduan hasiko dira eta taldeko argazkiak ateratzen. Argazkiak egiteko, Elkarguneko sarrera zaharretik sartu beharko da kantxa nagusira. Klubeko jantzia ez dutenek kamiseta zuria jantzi beharko dute.