Zubiaurre igeri elkarteak zabalik du igeri eskolarako izen-ematea

Erabiltzailearen aurpegia Zubiaurre igeri elkartea 2025ko ira. 9a, 09:11

Igeri eskolako hainbat haur, kiroldegiko igerilekuan.

Zubiaurre igeriketa kluba denboraldiri ekiteko azken prestaketa lanetan murgilduta dago. Hori hala, antolaketaren nondik norakoak familiei azaltzeko hainbat bilera deitu ditu etzirako, ostegunerako. Klubean lehen urtea duten haurrei, bigarren edo hirugarren urtea dutenei eta eguerdian entrenatzen dutenei lotutako xehetasunak azalduko dituzte bileretan.

Zubiaurre igeriketa kluba denboraldia hasteko prestatzen ari da, eta antolaketaren nondik norakoak familiei azaltzeko, hainbat bilera antolatu ditu etzirako, irailak 11. Guztira, hiru bilera egingo ditu igeriketa klubak: aurrena, izena aurrenekoz eman dutenei zuzendutakoa izango da; bigarrena, klubean bigarren edota hirugarren urtea dutenei; eta hirugarrena, eguerdi partean entrenatzera joaten direnei.

Aurten lehenengoz izena eman dutenekin 17:30ean egingo dute bilera Zubiaurreko kirol arduradunek eta batzarkideek. Elkarguneko aretoan izango da bilera, eta bertan, igeriketa klubaren nondik norakoak azaldu eta funtzionamenduaren inguruko xehetasunak emango zaizkie gurasoei eta tutoreei. Era berean, izen-emate orriak bete eta seme-alabei egokitutako taldeak nahiz ordutegiak jakinaraziko ditu klubak.

Gurasoek, beraien aldetik, aukera izango dute dituzten zalantza guztiak galdetzeko eta arduradunen taldea ezagutzeko. Nahi duenak aukera du oraindik izena emateko; 2018an jaiotakoak (edo zaharragoak) has daitezke aurten igeri eskolan.

Bigarren eta hirugarren urtekoak

Igeri eskolan bigarren eta hirugarren urtea duten neska-mutilen gurasoentzat ere beste bilera bana antolatu du klubak. Talde horietan dauden umeen kopuru altua dela eta, klubak moldaketak egin behar izan ditu ordutegietan. Hori hala, aldaketa horien guztien gaineko azalpenak emango dituzte batzarkideek osteguneko bileran. Klubaren helburua da taldeak kopuruz orekatzea. Zubiaurren bigarren urtea dutenentzako (2017. urtekoak) bilera 18:00etan hasiko da Elkargunean; aldiz, klubean hirugarren urtea dutenentzat (2016. urtekoak), 18:30ean hasiko da. 

Eguerdikoentzako bilera

Azken bilera eguerdian entrenatzen dutenei zuzendutakoa (LH 5 eta LH 6 mailetakoak) izango da. Ordutegi aldaketak entrenamenduen dinamikan aldaketak dakartza, eta kontutan hartu beharreko irizpideak eta gomendioak emango dizkiete kirol arduradunek maila horietako haurren gurasoei. Bilera 19:00etan hasiko da etzi, Elkargunean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide