Zubiaurre igeri elkarteko hiru kidek Espainiako txapelketetan parte hartu dute, eta hirurek emaitza onak eskuratu dituzte. Sabadellen aritu zen Olaia Gaitan, eta Malagan aritu dira Nora Mateos eta Urko Sudupe.
Haurren mailan lehiatu zen Gaitan, bost proba ezberdinetan, eta egindakoarekin pozik da hura. Lorpenei dagokienez, bere bi proba gustukoenetan aritu zen ondoen: 100 metro libre estiloan bere marka hobetu zuen eta 100 metro bizkar proban berdindu. Gainontzean, esperientzia gogoangarria bizita, gustura itzuli zen Gaitan Sabadelletik.
Mateos eta Sudupe, berriz, junior mailan lehiatu ziren Malagan. Mateosek 50 metro bular probako sailkapen serietan bere marka hobetu zuen, eta horrenbestez, 16 urtekoen finalean sartzea lortu zuen. Arratsaldean jokatu zuen finala, eta Mateosek berriro ere bere marka pertsonala hobetu zuen; bikain, beraz. 100 metro bular proban, berriz, bere markatik gertu ibili zen.
Sudupek, bestalde, proba batean parte hartu zuen: 50 metro bizkar proban. Ongi egin zuen igeri hark ere, eta bere marka hobetzea lortu zuen. Zituzten helburuak beteta eta esperientzia ahaztezinaz gozatuta, oso pozik itzuli dira biak Malagan egindako lanarekin.