Matadeixe Zinetogramek datorren ostiralean, urriak 1, hasiko ditu denboraldi berriko bere film emanaldiak. Emanaldiak, oraingoz, ostiraletan, 19:00etan izango dira. Gainera, lehendabiziko hiru emanaldiak zehaztuta ditu taldeak, eta hona hemen film guztien izenak eta horiek eskainiko diren datak:
- Urriaren 1ean, Annette (zuzendaria: Leos Carax). 2021ean, Cannesko zinemaldian zuzendari onenaren saria eskuratu duen film indartsua.
- Urriaren 22an, Miss Marx (zuzendaria: Susanna Nicchiarelli). Karl Marxen garaira eraman, baina bere alaba gazteenaren begirada eskaintzen duen filma.
- Azaroaren 12an, La metamorfosis de los pájaros (zuzendaria: Catarina Vasconcelos). Txoria izatearen ametsa gogorarazten duen filma.
Emakume zuzendarien filmei nahiz zuzendari berrien opera primei eskainiko die taldeak lekua aurten ere. Zinetogram Gipuzkoako zine klub batzuen artean sortutako K sarien partaide da, eta une hauetan Euskal Herriko jaialdi desberdinetan saritutako film laburrak ikusteko aukera ere izango da aurten.
Taldeak maite du zinemagileekin harreman zuzena mantzentzea. Herritarrei zinemagile horien lana ikusteko eta beraiekin solasaldian aritzeko aukera eskaintzea ere nahi du aurten ere taldeak. Gabonetako oporraldian –data oraindik zehaztu gabe–, Oskar Alegriaren Zumiriki lana ikusteko eta berarekin solasean aritzeko aukera izango da Matadeixen.
Bestalde, ikusgai dago Baztartxoko ateetan azken ikasturtean taldeak Baztartxon proiektatu zituen filmei publikoak emandako puntuaketa. Aurten ere, ikusleak bere puntuazioa emateko kutxa jarriko da Baztartxo antzokiko sarreran, eta horretarako aukera izango da emanaldi bakoitzaren ostean. Filmen eta taldearen jardunaren informazio osagarria taldean blogean izango duzue ikusgai. Taldearekin harremanetan jarri nahi izanez gero, idatzi zinetogram@gmail.com e-postara.