Zinetogram zineklub taldea 1985 urtean jaio zen, Azkoitiko gaztetxean. Hura itxi ostean, Matadeixek hartu zuen zineklubaren lekukoa eta 2000. urtean Matadeixe Zinetogram taldea sortu zen. Urte hartako urriaren 31n eskaini zuten lehen proiekzioa, eta orduz geroztik ugari dira antolatu dituzten zine zikloak eta emanaldiak, betiere zinema zaletasunari eta zinema indepententeari bidea irekiz.
Taldearen sorreratik gaur artean, Zinetogrameko kideek nortasun handiko ehunka film eta dokumental proiektatu dituzte. Aukeratzen dituzten ikus-entzunezkoak bereziak dira; izan ere, zinema aretoetako ohiko programazioetatik kanpo dauden lanak dituzte atsegin. Zinetogramen hastapenetan, hamasei milimetrotan egindako pelikulak-eta eskaintzen zituzten, zinema klasikoa ezagutzeko gogoak bultzatuta. Izan ere, zinetogrameko kideek uste dute gaur egungo zinema ulertzeko beharrezkoa dela zinema klasikoa eta aitzindaria ezagutzea eta ikustea. Hori dela eta, urteetan zehar ikus-entzunezko obra zaharrak zinema formatuan proiektatzeak daukan berezko xarma berreskuratu nahi izan dute, film zaharrak eskainiz, besteak beste.
Denborak aurrera egin ahala, ikus-entzunezkoen gaineko kuriositateak eta zinema zaletasunak urrunago eman ditu zineklubeko kideak, eta egun eskaintza zabalagoa egiten dute. Horretarako, hilero biltzen dira. Kide bakoitzak bere altxorrak iradokitzen dizkie besteei; filmak, laburrak nahiz dokumentalak izan daitezke. Bildutako proposamen guztiekin zerrenda osatzen dute eta ondoren, egokiak izan daitezkeenak hautatzen dituzte.
Filmak aukeratzerako orduan zine zuzendarien generoa zaintzen dute eta ausardia apur batekin egindako lanen aldeko apustua egiten dutela diote. Besteak beste, begiko dituzten zinema zuzendarien lanak, ikuslea pentsatzera bultzatzen duten filmak nahiz zer esana eman dutenak aukeratzen dituzte, beren emanaldietarako. Zinetogrameko kideek zaintzen duten beste arlo bat hizkuntza da, lan guztiak jatorrizko bertsioan proiektatzen baitituzte.
Askotariko film proiekzioez gain, idatzizko lan bat ere utzi du Zinetogram zineklubaren ibilbideak, Begia amodioaren ehiztari liburua, hain zuzen. Lana 2009an Matadeixen zinearen inguruan egindako jardunaldi batean oinarrituta egin zuten, maitasun osoz. Sormena ere a-tsegin dute Zinetogrameko kideek, eta eskaintzen dituzten filmen nahiz zine zikloen berri emateko euskarrien diseinuak eta maketazioak taldeko partaideen artean egiten dituzte. Matadero ekintzei lotuta ere badago Zinetogram eta, horrenbestez, baita Bebarruko Jardunei ere. Jardunaldi horrien barruan eskaintzen dituzten zenbait film Zinetogramek proposatutakoak izan ohi dira.
Zineklubeko kideen asmoa da zinema gustatzen zaion oro Zinetogram esperientziara hurbiltzea, zaletasun bera duten pertsonak elkar ezagutu eta burutazioak truka ditzaten. Taldearekin harremanetan jarri nahi duenak zinetogram@gmail.com helbidera idatz dezake.