Parrokian aurkitutako ezkutuko hilobiak

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri

Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokiako hilobiak. (Artxiboa)

Gaur egun ohikoa da senideak herriguneetatik kanpo dauden hilerrietan bisitatzea, baina mende batzuk lehenago, hildakoak elizaren barruan bertan ehorzten ziren. Azkoitiko Andre Mariaren Jasokundeko parrokian 1988. urtean egindako lanek ohitura horren arrasto harrigarriak atera zituen argitara, lur azpian ezkutatutako hiru mendeko historia agerian utziz.

Azaroaren 1 da gaur, hildakoen eguna edo Santu Guztien Eguna. Kanposantuetan hilobiratuta edota lurperatuta dauden senitartekoei bisita egingo diete gaur herritar batzuek, eta han eta hemen sakabanatuta dauden herritarren errautsen bueltan hazitako landareak ureztatuko dituzte beste batzuek. Hildakoak hilobiratzeko usadioa aspaldidanik errotuta dago gizartean, baina egun ezagutzen diren joerekin alderatuta, bestelako batzuk izan zituzten Azkoitiko herritarrek mende batzuk atzerago. Azkoitian, esaterako, hildakoak Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizan lurperatzen ziren garai batean. 

Parrokiak bizi zituen hezetasun arazoak tarteko, 1988. urtean, zorua edo lurra altxatzeko lanak hasi zituzten han; azpiko harriak egokitzeko asmoak bultzatuta hasi zituzten lan horiek elizan. Hain justu, lan horiek egiten hasi zirenean aurkitu zituzten Andre Mariaren Jasokundearen parrokian lurpeko horma barruko hilobiak. Guztira, 300 hilobi baino gehiago aurkitu zituzten bertan, eta Erdi Aroaren amaieran ohikoa zen moduan zeuden kokatuta. 

Aurkikuntza horren ondotik, indusketekin hasi ziren parrokian; 1988. urteko urriaren 28an hasi eta azaroaren 30ean amaitu zituzten egiteko horiek. Arkeologoek bost eremutan banatu zuten parrokian indusketen plangintza, lurpeko egiturak-eta aztertzeko. 300 hilobi aurkitu bazituzten ere, haien egitura ezagutzeko nahikoa izan zuten zortzi hilobi induskatzea. Arkeologoek ikusi zuten hilobiratutako pertsonen gorpuak ahoz gora zeudela eta guztiak ekialderantz begira. Eguzkia ekialdetik argitzen denez, tradizio kristauan ekialdeak lotura zuzena du piztuerarekin eta Kristoren itzuleraren sinbolismoarekin. 

Aurkikuntza horrekin batera, hamar gorpuren hondakinak bildu zituzten arkeologoek, baita XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako txanponak ere. Txanpon horiei esker probatu ahal izan zuten, gutxienez, hiru mende horietan guztietan lurperatu zituztela azkoitiarrek beren senideak parrokiako lurpean. Gainera, Euskal Herriko zeramikaren aztarnak aurkitu zituzten, horietako batzuk beiraztatuak eta esmaltez estaliak. Kristoren kapera inguruan, berriz, aurreko ehorzketetan jasotako giza aztarnak biltzen zituzten gunea aurkitu zuten. 

Hiru mendeko usadioa

XIV. eta XV. mendeetan zabaldu zen Gipuzkoan hildakoak parrokietan lurperatzeko ohitura. Kepa Alberdi historia zaleak aurkitutako dokumentuen arabera, 1520. urtekoa da Azkoitiko parrokiako hilobi horien lehen banaketa zehazten duen dokumentua. Haren arabera, gainera, Azkoitiko parrokia da hilobiak adreiluzko banaketa hormez bereizita izan dituen bakarrenetakoa. Familia edo baserri bakoitzak ehorzketarako bere hilobia zuen. Bakoitzak egurrezko tapa bat zuen, zenbakiz bereizita. Gaur egun, hilobi horietako zenbaiten arrastoak parrokian atzealdeko zoruan ikus daitezke, eta haiekin zerikusia duten aztarnak, San Martingo ermitan. 

1787. urtetik aurrera, baina, usadio horri aurre egiteko agindua eman zuen Carlos III.a Espainiako erregeak. Herriguneetatik kanpo hilerriak berrezartzeko eta eliz barruko lurperatzeak mugatzeko agindu zuen hark. Osasun publikoaren inguruko kezka zabaldu zen garaiotan, hilobietan deskonposatutako gorpuek isuri zitzaketen usainek gaixotasunak eragin zitzaketela uste zuten eta. Dena den, herritar asko ez zeuden beren senideak parrokiatik kanpo lurperatzeko prest, eta azkenean, udalerri askok beren lur eremuan zeuden ermiten edota elizen inguruan kokatu behar izan zituzten hilerri berriak. 

Erregearen agindua eman eta 22 urtera utzi zioten Azkoitian gorpuak parrokian ehorzteari, 1809. urtean; aurrez aipatutako osasun arrazoi horiek tarteko hartu zuten erabakia. Egurrezko zorua jarri zuten orduan parrokian, eta hilobiei tapak kendu zizkieten. Tapa horietako batzuk San Martingo ermitan daude egun, eta beste batzuekin, armairu bat egin zen. 

(Iturria: Kepa Alberdi)

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide