Altuna Portu etxea: horma artean ezkutatutako beste altxor bat

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri

Altuna Portu etxea, Urola ibaiaren bestaldetik. (Utzitakoa)

Azkoitian askok dute herriko eraikin historikoen berri, baina bada bat ezkutuan, gordeta, mantentzen dena: Altuna Portu etxea. Jausoro auzotik begiratuta, Urola ibaiaz bestalde dago etxe hori, errepidearen gainaldean. 1722. urtean Manuel Ignacio Altuna Portu jaio zenean hartu zuen etxe horrek egun duen izena, baina, aurrez, beste izen batzuk ere izan zituen. 

Azkoitiko hirigune historikoan daude mendeetako dotorezia eta handitasuna erakusten duten dorretxeak, iragan loriotsua izan zuten jauregi ezagunak. Herrian halako eraikin asko dago, baina batzuk oharkabean pasatu ohi dira herritarren artean, ezkutuan gordeta daudelako. Horixe da, esaterako, Altuna Portu etxearen kasua.

Jausoro jauregiaren parean dago Altuna Portu eraikin historikoa, garai batean San Frantzisko ermita egon zen gunearen gainean. Eraikin edo etxe horrek izen bat baino gehiago izan ditu beste historian zehar: aurrena, Zornostarizaga izena izan zuen; ondoren, Portu; eta azkenik, Altuna-Portu. Dena den, Julio Urkixo idazleak Etxe Zuria izenez deitzen zion eraikin horri, Etxebeltz eraikinari kontrajarriz. 

Altuna Portu etxean bazen otoiztegi edo oratorio bat, hitzordu historiko ugari jaso zituena. Horietako bat izan zen 1720ko otsailaren 11koa, orduan ospatu zen-eta etxeko maiorazkoaren ezkontza: Maria Portu Ozaeta Azpeitiko Altuna etxeko Manuel Altuna Korta jaunarekin ezkondu zen. Bikote horrek seme bat izan zuen handik bi urtera: 1722. urteko irailaren 3an jaio zen Manuel Ignacio Altuna Portu, gerora herrian zaldun edo zalduntxo ilustratu ezaguna izango zena. Haren jaiotzaren ondoren hartu zuen eraikinak Altuna Portu izena, Azpeitiko Altuna etxeagandik bereiziz.

Manuel Ignacio Altuna Portuk Madrilen egin zituen ikasketak, baina 1743an Italiara bidaiatu zuen, eta Venezian zegoela, Jean-Jacques Rousseau idazle, musikagile eta filosofo ezaguna ezagutu zuen. Musikarekiko eta artearekiko interesak partekatzen zituzten biek, eta adiskide handiak egin ziren. Gerora, gainera, biak Parisen elkartu ziren, eta azkoitiarra Rousseauk Parisen zuen etxean ere bizi izan zen. Altuna etxera itzuli zenean, beste azkoitiar ilustratu batzuekin batera parte hartu zuen hark Azkoitiko Zalduntxoak izenez ezagutzen den ilustratuen taldean. Xabier Maria Munibe Peñafloridako kondearekin eta Joaquin Egia Narrosko markesarekin batera bilerak izan zituen Portuk, eta bilkura haien ondotik sortu zuten Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 1764an.

Altuna Portu eraikina karratua eta sendoa zen jatorriz, baina XVIII. mendean eraberritze sakona jasan zuen, euskal jauregi askok jarraitu zuten bideari helduz. Lehen begiratuan, Altuna Portu eraikina ez da handia, eta, hain justu, hor dago haren xarma. Hiru solairuko jauregi dotore eta soila da, eta haren zatirik zaharrena XVII. mendekoa du. Denboran zehar hainbat aldaketa eta eraberritze izan ditu eraikinak, eta horregatik, gaur egun etxeak ez du Manuel Ignacio Altuna Portuk ezagutu zuen eraikinaren itxura bera. Ezkutuan, gordeta, dagoen eraikina bada ere, etxea ez da denboran izoztuta gelditu; Azkoitiaren bizitzarekin batera eraldatu egin da.

Egun, Altuna Portu etxea Azkoitiko babestutako ondare historikoaren parte da, eta Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plan Bereziak (HHBPB) babes maila bereziko eraikinen artean du jasota. Halaber, ondare dokumentazioan Portu etxea izenarekin ageri da. 1964an, berriz, Kultura Intereseko Ondasun gisa izendatu zuten (KIO), monumentu kategoriarekin.

(Iturria: Kepa Alberdi)

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide