Txurruka Etxea eraikina Azkoitiko herriaren historiaren parte da. Plazaberrin dagoen eraikin horrek bi alde guztiz desberdin ditu arkitektonikoki; bi garai desberdinen adierazle da bere arkitektura. Kepa Alberdiren arabera, antzinako zatia, zaharra eta dotorea, XV. mendekoa da. Aldiz, XIX. mendearen bigarren erdiaren hasierakoa da lorategi zabal askoa duen zati modernoa.
Eraikinaren aurreko fatxadan eguzki erlojua duen goiko galeria dago, eta atzeko fatxadan, Txakurzulo kalea. Txakurzulo deitzen zaio Txurruka Etxe atzetik Errezil etxe atzeraino doan kaletxoari. Garai batean, kale horretatik ateratzen ziren atzealdeko zikinak eta zaborrak. Burdinolekin du zerikusia Txakurzulo izenak; izan ere, burdin harria urtu eta gero, burdin salda ontziaren alde batetik ateratzen zen, eta eskoria edo soberakina, Txakurzulo izena zuen zulotik. Horregatik ezagutzen da gaur egun ere Inazio Iriarte kalearen zati hori modu horretan.
Gainera, 1906az geroztik, irakaskuntzan ziharduten Angeluko Sierben kongregazioak okupatu zuen Txurruka Etxea. Ipar Euskal Herritik kanporatu eta gero, Azkoitian hartu zuten bizilekua. Komunitate horrek, halaber, Notre Dameko ikastetxea ireki zuen Azkoitian herriko neska gazteentzat.
Txakurzulon bertan dagoen zubi txiki eta bitxi batetik igarotzen da Txurruka Etxearen atzeko lorategira, herriko lorategirik handienera, zabalenera. Lorategi horrek gune asko zituen gari batean, tartean tenis pista bat ere bai. Hain justu, Txurruka Etxeko bi lagun tenisean jokatzen ikus daitezke hil honetako Zaharrak Berri ataleko argazkian. Tenis zelaia lorategian zegoen. Txurruka Etxetik lorategira zubia baliatuta igarotzen ziren orduko bizilagunak, eta lorategi hori baino koska bat gorago zegoen argazkiko tenis zelaia.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.