Azkoitiko Jausoro auzuneak aldaketa handia bizi izan du azken hamarkadetan. Gaur egun etxebizitzaz beteriko eremua dena, duela urte batzuk industria eta aisialdirako gune garrantzitsua izan zen herritarrentzat. Garai hartan, inork gutxik imajinatuko zuen bertan ehunka lagun biziko zirenik etorkizunean.
Argazkian ikus daitekeen eremuan hainbat eraikin eta lokal zeuden mende honen hasieran. Horien artean zeuden, besteak beste, pentsu denda bat, gazteek erabiltzen zuten lokal bat edota guztientzat ezaguna den elkarte gastronomiko bat. Argazkian ikus daitezke, era berean, Urolako trena igarotzen zen bidea edo Martirieta auzorako errepide zaharra. Finean, egungo iruditerian ageri ez diren elementu asko daude argazkian.
Eremu horrek jarduera handia zuen garai batean, eta askorentzat topagune eta lan leku izan zen urte luzez. Denborarekin, ordea, herriaren beharrak aldatuz joan dira. Industria jarduerak lekua galdu du herrigunean, herrigunetik kanpo irabazteko. Horrela, lehen lantegien, lokalen edota garajeen eremua zena, bizitegi auzo bihurtu da egun.
Jausoroko zati horretan familia ugari bizi da gaur. Eguneroko eta kaleko bizimodua nagusitu da lehen kamioiak, langileak eta auzoko elkarteetako kideak ibiltzen ziren tokian. Hala ere, auzoko adineko askok oraindik gogoan dituzte garai hartako irudiak eta bizipenak, baita herri osoan barreiatuta bizi diren azkoitiarrek ere.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.