Mundua aldatzen ari da, gizartea aldatzen ari da, eta nola ez, Azkoitia ere aldaketa horren lekuko da arlo guztietan. Hilabete honetako Zaharrak Berri ataleko argazki honek erakusten du herria zenbateraino aldatu den; Altzibar auzoak 50eko hamarkadan zer nolako egoera zuen ikus daiteke berari esker.
1958. urtean eraiki zituzten Altzibar etorbideko 10 zenbakiko etxeak. Sei urte lehenago, 1952. urtean, iritsi zen Oñatitik (Gipuzkoa) Azkoitira Forjas de Zubillaga enpresa, herrira iristean Acerías y Forjas de Azcoitia izena hartu zuena. Hain justu, lantegi horretako goi karguentzako eraiki zituzten Altzibar plazan eraikitako etxebizitzak. Horrez gain, Santa Klaran ekonomatua ere egokitu zuten.
Argazkian obretan dagoen eraikinaren aurrean ikus daitezke herritarrak lanean, umearen zaintza lanetan edo paseoan. Eraikinaren alboan, berriz, garai batean Urrategi auzora igotzeko zegoen pasadizoa dago, eta haren segidan, Izarraitz eraikuntzen industria-kooperatibaren lantegia. Egun, Urrategi auzora igotzeko errepiderik ez da igarotzen pasadizo horretatik, eta Izarraitz lantegiaren lekuan Urrategi Ama Plaza eta etxebizitzak daude eraikita.
Josu Arroitajauregi argazkilariarena da argazkia, Azkoitia Gukak Kepa Alberdi kolaboratzailearen bidez jaso duena.
BIDALI ZURE ARGAZKIA!
Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.