Plazaberria, Urrategiko Amaren koroatzerako atondua

Erabiltzailearen aurpegia Zaharrak Berri 2026ko apirilaren 5a

Azkoitiko Plazaberria, Urrategiko Amaren koroatzerako atondua. (Juan Ignacio Uria/Kepa Alberdi)

Aurtengo prozesioak-eta eginda, 1950. urteko irailaren 17ra jotzeko unea da: egun hartan koroatu zuten Urrategiko Ama, herriko plazan. Hil honetako Zaharrak Berri ataleko argazkian, Plazaberria egun horretarako nola jantzi zuten erakutsi nahi izan du Gukak.  

Aste Santuko egunik mardulenak atzean gelditu dira. Usadio edo tradizio handiko egunak izan ohi dira Azkoitian, Ostiral Santu eguneko prozesioek oihartzun handia izan dute eta inguruotan. Ordea, gaur 1950. urtera begira jartzea egokitzen da; urte hartako irailaren 17a berezia izan zen-eta zenbait herritarrentzat: Urrategiko Ama koroatu zuten.

Herriaren historian gertaera garrantzitsua izan zen, bereziki, sineskera katolikoa zuten herritarrentzat. Garai hartako testuinguruan, erlijioak pisu handia zuen gizartean, eta horren isla da artikulu honetako argazkiak erakusten duena. Plazaberria goitik behera atondu zuten azkoitiarrek Urrategiko Amaren koroatzerako; balkoietan zapi zuriak ikus daitezke zintzilik, Plazaberriaren alde batetik bestera festarako zintak...

Urrategiko Ama herriko plazan koroatu zuten, eta jendetza bildu zen hitzordu hartan. Orduko datuen arabera, 15.000 lagun inguru elkartu ziren ospakizunetan. Datu horrek berak erakusten du koroatzea zeinen garrantzitsua izan zen jendearentzat, are gehiago, Azkoitian urte hartan 6.000 biztanle inguru bizi zirela kontuan hartuta. Gipuzkoako Jaume Font i Andreu gotzainak eta Santanderko (Espainia) Jose Egino Treku gotzain azkoitiarrak jarri zioten Urrategiko Amari koroa herriko plazaren erdian jarritako aldare erraldoian.

Hilabete honetako Zaharrak Berri ataleko argazkia Kepa Alberdi kolaboratzailearen bidez jaso du Azkoitia Gukak; hark Juan Ignacio Uriaren bildumatik hartutakoa da. Irudian Plazaberria ikus daiteke, gauez, eta bertan zenbait herritar. Argazkiak balio du, gainera, kale horrek egun bezala duela 76 urte ere zer indar zuen jabetzeko. Terrazen faltan, herritarrak kaleko bankuetan jartzen ziren ingurukoekin eta bizilagunekin hitz egiteko. 

BIDALI ZURE ARGAZKIA!

Azkoitia Gukak herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–azkoitia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Kale Nagusia, 62–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide